Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Bilboko klinikak hiru emakumeri sexu erasoa egin zien gizona lanpostutik kendu du

Lehen salaketa Orozkoko emakume batek aurkeztu zuen astelehenean bertan; beste biak atzo jaso ziren. IMQk espedientea zabaldu dio langileari.

Bilboko Virgen Blanca Klinika. Google Street Viewtik ateratako irudia
Virgen Blanca klinikaren aurreko fatxada.
Bilboko Virgen Blanca Klinika. Google Street Viewtik ateratako irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Virgen Blanca klinikak, IMQ taldeko klinika pribatuak, hiru emakumeri sexu erasoa egin zien behargina lanpostutik kendu du eta espediente informatiboa zabaldu dio, EiTBk jakin ahal izan duenez.

IMQren esanetan, astelehenean bertan zabaldu zuten barne ikerketa. Hain justu, egun horretan aurkeztu zuen lehen biktimak, Orozkoko emakume batek, salaketa Ertzaintzan. Atzo, berriz, beste biak jaso ziren. Denak dira gizon beraren kontrakoak, eta erasoak astelehenean jazo ziren.

Aurreneko salaketaren arabera, Orozkoko emakumea osasun proba batzuk egitera joan zen klinikara. Aiaraldea.eus atariak aurreratu zuenez, probak egin eta gero, boxen gelara igaro eta oraindik ere lasaigarrien eraginpean zegoela, zeladore batek ukituak egin zizkion. Emakumearen esanetan, gertaturikoa kontatu zien medikuari eta solairuko arduradunari. Halaber, erasotzaileak ospitaleko igogailuraino jarraitu zuela salatu du.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.

Bestalde, Aiaraldeko Mugimendu Feministak eta Matxintxuk babes osoa helarazi diote emakumeari eta erasoa salatzeko bost minutuko elkarretaratze isila egin zuten atzo arratsaldean, Zubiaur plazan.

"Laguntza gaixoei"

Bilboko Virgen Blanca klinikak agiri batean jakinarazi duenez, salaketen ondorioz abiatutako ikerketetak "laguntzeko borondatea" du.

"Errugabetasun-presuntzioa errespetatuz" hartu du klinikak langilea lanpostutik kentzeko erabakia; izan ere, orain arte berarekin arazorik izan ez dutela azpimarratu du.

Klinikako zuzendaritza ere polizia-etxean izan da deklaratzeko. Halaber, "gaixoei laguntza" eskaini die; izan ere, "pertsonen lasaitasuna eta segurtasuna lortzea" da osasun zentroaren ardura nagusia.

Bestalde, egoera ahalik eta arinen konpontzea espero dutela esan dute. Izan ere, IMQk ia 20.000 endoskopia egiten ditu urtero, eta inoiz ez dute horrelakorik pairatu.

________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Bilboko albisteak Ertzaintza Indarkeria matxista gaur Azken ordukoa Bizkaia Salaketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Matxismoa Sexu erasoak