Gizartea -
Aste Nagusia
Realeko emakumezko kirolarien kanoikada, festa lehertzeko
Futbolariek eta belar-hockey jokalariek piztu dute kanoikadaren sua, abuztuaren 17ra arte iraungo duen Aste Nagusia martxan jartzeko.
agentziak | erredakzioa
Realeko belar-hockey eta futbol taldeetako emakumeek piztu dute Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko kanoikadaren sua, zortzi eguneko festari ekiteko, 'Artillero' kantua abesten eta dantzatzen.
Milaka lagun elkartu dira ekitaldian parte hartzeko, Alderdi Ederren, Donostiako udaletxeko terrazan, baina aurretik Parte Zaharretik ibilbidea egin dute Trintxerpeko 'Illumbe' musika bandarekin.
Bebes de la Bullak eta Joselontxos txarangak jarri dute musika Aste Nagusiaren lehenengo orduetan, eta aurten, lehenengoz, Gazte Nagusi Holi Fest izan dute Boulevardean, eraso sexisten kontrako kanpaina ardatz hartuta.
Abuztuaren 17ra arte, Gipuzkoako hiriburuko Udalak 491 jarduera antolatu ditu, hiriko 30 gunetan banatuta.
Gaurkoan, txistulariak, Sagueseko kontzertuak eta Valecea Arabako pirotekniaren su artifizialak izango dira ekitaldi handienak.