Gizartea -

Txostena

Itsasoaren mailaren igoera 'geldiezina' da, NBEko adituek ohartarazi dutenez

110 zentimetrokoa izan daiteke kasurik txarrenean, baina berotegi efektua eragiten duten gasen isurtzea nabarmen jaitsita ere, 30-60 zentimetrokoa izango da igoera hori.

Itsasoaren mailaren igoera azkartu egin da azken urteotan. Argazkia: Pixabay
Izozmendi bat Antartidan.
Itsasoaren maila metro bat baino gehiago igo daiteke mende amaierarako

1:33

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsasoaren mailaren igoera asko azkartu da azken urteotan, eta jada "geldiezina" da. Horrela, gordin, azaldu du Nazio Batuen Erakundeko (NBE) klima aldaketari buruzko  gobernu arteko aditu taldeak (IPCC) ozeanoei eta kriosferari buruzko egin duen lehen txosten zehatzean. Neurririk hartu ezean, itsasoaren maila metro bat baino gehiago igoko da 2100ean.

Ikerketak jasotzen duenez, klima aldaketak uholde gogorrak, itsasoaren mailaren igoera, glaziarren galera eta permafrosta txikitzea ekarri ditu, besteak beste. Ozeanoen tenperatura ere igo da, eta ura beroagoa eta azidoagoa da. El Niño moduko fenomeno klimatikoak gero eta ohikoagoak eta gogorragoak izango dira, ohartarazi dute.

IPCC aditu taldeak ez du zalantzarik: klima aldaketaren kontrako neurriak hartuta ere, itsasoaren maila igo egingo da. Egoerarik onenean, berotegi efektua eragiten duten gasen isurtzea nabarmen jaisten bada (tenperaturaren igoera bi gradura mugatuta), itsasoaren maila 30-60 zentimetro artean igoko da 2100 urtean.

Txarrenean jarrita, 110 zentimetrora irits daiteke igoera hori.

Panorama horren aurrean, gobernuei deia egin die IPCCk: berotegi efektua eragiten duten gasen isurtzea geldiarazteko "premiazko eta anbizio handiko" neurriak hartzeko, halabeharrez hartu ere.

Lekualdatze masiboak eragingo ditu

Itsasoaren mailaren igoera horrek ondorio larriak izango ditu kostaldetik gertu bizi diren herritarrengan. Gaur egun, itsasoak 100 urtean behin kolpatzen dituen megahiri eta uharte txikiak; 2050ean, ordea, ohikoak izango dira triskantzak, gasen isurtzeak behera egitea lortuta ere.

Adituek ohartarazi dutenez, "ozeanoak eta poloak urrutiko kontua dela uste dezake jendeak, baina guztioi eragiten digu: elikagaiak eta ura lortzeko, garraioa, merkataritza, osasuna...".

Izan ere, itsasoaren maila igotzeak uraren kalitateari eragiten dio, baita horren hornidurari ere. Horrek ondorioak izango ditu nekazaritzan, turismoan edo argindarraren sorkuntzan.

Europako glaziar txikiek, Afrikako ekialdeak, Ande Tropikalek eta Indonesiak euren izotz masaren % 80 baino gehiago galduko dute 2100erako, aurreikuspenen arabera. Artikoko izotz geruza gero eta finagoa dela ere ohartarazi dute adituek.

Munduko tenperaturaren igoera bi gradutara mugatuko balitz ere, permafrostak (udan izoztuta mantentzen den lurzorua) bere azaleraren % 25 galduko luke. Egoerarik txarrenean, ordea, % 70koa izango litzateke galera.

Bada gehiago: kostaldea itsasoaren kolpetik babesten dituzten hezeguneen erdia desagertu egin dira azken 100 urteetan.

Itsasoaren maila igotzeak milioika lagunen lekualdatzea ekarriko du, gainera. IPCCk gogora ekarri duenez, 670 milioi goi mendiko guneetan bizi da; 680 milioi, altitude baxuko kostaldeko guneetan; lau milioi, Artikoan, eta 65 milioi, uharte txikietan. Horrez gain, animalia espezie asko desagertzeko bidean geratuko dira.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa albisteak Euskadiko kutsadura gaur