Gizartea -
Pepinoen krisia
Pepino ekoizleei EBren laguntzak ematea aztertuko du Merkelek
Alemaniako kantzilerrak Zapaterorekin hitz egin zuen atzo telefonoz eta barazki ekoizleei egindako kaltea deitoratu du.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak telefonoz hitz egin zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin eta pepinoaren krisiagatik kalteak izan dituzten nekazariei Europar Batasunaren laguntzak ematea aztertuko duela hitz eman zion.
Merkelek deitoratu egin du Espainiako barazki ekoizleei egindako kaltea, Alemanian ehunka lagun kutsatu dituen gaitza Andaluziako pepinoek eragin zutela esan baitzuten hasieran Alemaniako agintariek.
Gobernuak ohar batean azaldu duenez, Zapaterok pepinoen krisiak barazki ekoizleei eragin dien "kaltea ekonomiko larria" helarazi zion Merkeli. Egoera horren aurrean, Merkelek "hitz eman zuen kaltetutako nekazariei laguntzeko erak aztertuko dituztela Europa mailan".
Espainiako eta Alemaniako agintariek bilerak egingo dituzte datozen egunotan Europar Batasuneko arduradunekin "gatazkari irtenbidea emateko".
Pepinoen krisia maiatzaren 26an hasi zen, Cornelia Prüfer-Storcks Hamburgeko Osasun senatariak Espainiako pepinoek gaitz hilgarri bat zabaltzen ari zirela salatu zuenean.