Gizartea -
Indarkeria matxista
38na urteko zigorra La Arandinako jokalari ohiei, adingabe bat bortxatzeagatik
Burgosko Lurralde Auzitegiak hiru gizonak zigortu ditu 16 urteko neskari sexu-erasoa egiteagatik. Bortxaketa larderia erabiliz jazo zela uste dute epaileek, 'La Manada' auzian gertatu bezala.
Agentziak | Erredakzioa
Burgosko Lurralde Auzitegiak 38 urteko kartzela zigorra ezarri dio La Arandina futbol taldeko hiru jokalari ohietako bakoitzari —Raul Calvo, Carlos Cuadrado Lucho eta Victor Rodríguez Viti— 16 urteko neskato bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Guztira, 114 urteko zigorra ezarri diete hiru akusatuei.
Bortxaketa 2017ko azaroan gertatu zen, eta aurtengo azaroan egin zuten epaiketa, ateak itxita.
Auzitegiak sexu-erasoaren delituagatik (zehazki, aho-sarketagatik) zigortu ditu hiru akusatuak. Hiru gizonek 50.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote biktimari, eta harekin komunikatzeko debekua izango dute 10 urtez. Horrez gain, zaintzapeko askatasuna ezarriko diete beste horrenbeste urtez.
Epaiaren arabera, bortxaketa larderiaz egin zuten (printzipio hori 'La Manada' auziaren epaian erabilitako bera da). Hau da, biktimarekin bakarrik zeudenean, neskatoa ustekabean harrapatuta eta logelako argia itzalita zegoela bortxatu zuten hiru gizonek. Hala, adingabeak ez zuen erreakzionatzeko modurik izan, erasotzaileen adina —19, 22 eta 24 urte dituzte— eta gorpuzkera kontuan hartuta.
Zigorrak beharrezko laguntzaren doktrinaren arabera ezarri ditu Auzitegiak, eta bakoitzak egindakoagatik ez ezik, besteek egindakoagatik ere zigortu ditu, lagundu dielako.
Epaiak frogatutzat jo duenez, hiru gizonek bazekiten biktima adingabea zela, eskolara uniformearekin joaten zelako eta amak eta lekukoren batek esana zietelako.
Epaileek ez diote garrantzirik eman biktimak gertatutakoaren bertsio ezberdinak emateari, eta sare sozialen presioari egotzi diote. Auzitegiaren ustez, neskaren bertsioa sinesgarria izan zen.
Azkenik, epaileek absolbitu egin dituzte hiru akusatuak ekintza sexualak egiteko proposamenaren delitutik, eta Raul Calvo akusatua sexu-abusuen delitu jarraitutik absolbitu dute, biktimaren heldutasun maila antzekoa zuelakoan.
Fiskaltzak 38-40 urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatu bakoitzarentzat. Herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea), aldiz, 130 urte eta sei hilabete galdegin zituen guztira —43 urteko zigorra bakoitzarentzat—.
____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.