Itxi

Gizartea

LUR-JAUSIA

Moreno: "Amiantoa kenduta, ez dugu beste kutsatzaile baten berri Zaldibarren"

EITB.EUS

Enpresaren baimen eta dokumentazioa aztertuko dutela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. Airea eta ibaietako ura neurtzen ari dira, eta lurra "lehenbailehen" mugituko dute.

  • Elena Moreno Ingurumen sailburuordea Zaldibarren (Bizkaia). Irudia: EiTB

    Elena Moreno Ingurumen sailburuordea Zaldibarren (Bizkaia). Irudia: EiTB

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak gaur eguerdian Zaldibarko Udaletxearen aurrean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, "amiantoa kenduta, ez dugu beste kutsatzaile baten berri Zaldibarren", Ekologistak Martxan mugimenduak egindako salaketari erreferentzia argia eginez. Zabortegian lindanoa egon daitekeela ohartarazi dute, izan ere, ekologistek.

"Esaten ari diren gezurren inguruan, ez dago beste kutsatzailerik. Zabortegiak PCBak (poliklorobifeniloak) hartu dituenik ez digute jakinarazi, nahiz eta hori aditzera eman nahi", azaldu du Morenok.

Udal ordezkariekin bilera egin osteko agerraldian, bere departamentua hiru esparrutan lanean ari dela azaldu du:

Batetik, zabortegiaren espediente eta baimen guztiak aztertzen ari direla azaldu du, "Ingurumen Sailari igorri zioten dokumentazioa zuzena ote zen egiaztatzeko". "Zorroztasun osoz jokatuko dugu horrela ez dela izan pentsarazteko susmorik txikiena agertzen bada. 2019ko maiatzeko ikerketa bat dugu, zabortegia egonkorra dela dioena, eta ez dugu promotorearengandik inongo pitzadura edo lur mugimenduren berri izan. Zorroztasunez jokatuko dugu. Garrantzitsua da enpresaren ardura horrelako balizko edozein gertakizunen aurrean" gaineratu du.

Bestalde, zabortegian izandako luiziak bizilagunen osasunean eraginik ez izatea zaintzen ari direla nabarmendu du. "Bizilagunek arnasten duten airearen kalitatea neurtzen ari gara atzotik, Ermuko bidesarian jarritako kontrolgune batekin. 180 konposatu organiko ari dira aztertzen eta emaitzak "normalak" direla esan du sailburuordeak. Gainera, Eibarren ere laginak hartzen ari direla jakinarazi du, "haizea Eibarrerantz mugitzen hasten bada, kutsadurarik ba ote dagoen kontrolatzeko", eta era berean, amianto laginak ere hartuko dituztela gehitu du, "lur-jausia izan zen tokitik kanpo egongo ez dela uste dugun arren".

BIDEOA: Airea neurtzen ari den Jaurlaritzako teknikaria

Ibaietan ere neurketak egiten ari direla jakinarazi du Elena Moreno sailburuordeak: "Lixibiaturik iritsi ote den jakin nahi dugu. Oraingoz ez dugu zabortegiko lixibiaturik inongo ibaira iritsi denik detektatu, baina kontrolatzen jarraituko dugu, kutsadurak izan dezakeen garapenak kezkatzen baikaitu".

Azkenik, lanean ari diren hirugarren esparrua definitu du: "hondakin horiek guztiak ahalik eta azkarren ateratzea, eta izan dezaketen arriskua minimizatzea". Horretarako, lehenik eta behin inguruko zabortegiek hondakin horiek hartzeko izan dezaketen gaitasuna ikusiko dute. Asmoa, hondakinak EAEko beste zabortegiren batera eramatea da, baina ezin bada, kanpora aterako dituzte, "segurtasun neurri guztiak hartuta, noski".

Morenok azaldu dudenez, zabortegiak eta horrelako egoerak kudeatzen aditu diren pertsona batzuekin harremanetan jarri dira Euskadira etorri eta "proiektu nahiz hondeaketa plan zuzen bat" gara dezaten. Bihar bertan hasi nahi dute lanean baina guztia husteko hilabeteak beharko direla iragarri du.

Sutea, zabortegian

Bestalde, ostiral ilunabarrean sutea piztu zen Zaldibarko zabortegiaren goialdean.  Bizkaiko Suhiltzaileek esan dutenez, bertara iristea "ia ezinezkoa" da, eta "kontrolpean" duten arren, ezin dute itzali. Gaur helikoptero bat iritsi da Kantabriatik.

Jesus Zubiaga Segurtasun sailburuordea ere Zaldibarren egin duten bileran izan da, eta topaketaran ostean, sutea itzaltzea "ezinezkoa" izango dela berretsi die komunikabideei, eta helikopteroa "egonkortzen" saiatuko dela.

Ildo horretan, Moreno sailburuordeak esan du suteak "ohikoak" direla zabortegietan, "metano isurketagatik", "baina zorrotz zaintzen ari gara deskontrolatu ez dadin".

Ekologisten salaketa

Lur-jausia izan zuen Zaldibarko zabortegian pilatzen zituzten materialen artean lindanoa egon daitekeela ohartarazi du Ekologistak Martxan sareak. Ostegunean gertatu zen luizia eta geroztik, bi langile desagertuta daude, amiantoa agertu da eta zabortegiari egindako azken azterketan akats larriak topatu zituela Jaurlaritzak jakin da.

Ekologistek gogoratu dute lindanoa material bereziki toxikoa dela eta sare sozialen bidez zabaldu dutenez, "lindano usaina oso nabarmena da inguruan".

Aurretik zituzten susmoei usaina gehitu zaie orain, eta zabortegiaren gainaldean piztuta dagoen eta itzali ezin duten sutearen atzean horixe dagoela susmatzen dute:

Zabortegia dagoen Eitzaga auzoko bizilagunak oso kezkatuta eta haserre daude. Lur-jauzia, sutea, amiantoa tonaka agertu izana, Jaurlaritzaren txostena... "kutsadura norainokoa den" galdetzen dute eta arriskuan egoteko beldur dira.

"Arau-hauste larriak"

Verter Recycling 2002 SL enpresak 2013an jaso zuen AAI ingurumen baimen bateratua eta orduz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak ikuskapen zehatzak egiten zituen enpresan. 2019ko uztailaren 10ean izan zen azkena eta handik atera zen txostenak "arau-hauste ugari" antzeman zituen lau arlotan: lizentzia eta baimenetan, uraren babesean, hondakinetan eta zabortegien baldintza berezietan.

Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak eman daitekeen izendapenik baxuena eman zion enpresari azken ikuskapenean, eta hala jakinarazi zioten jabeari 2019ko irailaren 16an. Jakinarazpenarekin batera, 30 eguneko epea eman zioten, "txostenean agertzen ziren akatsak konpontzeko edo beharrezkoak liratekeen neurriak martxan jarri zituztela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkezteko".

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak prentsa oharra kaleratu zuen atzo, jakinaraziz Verter Recycling enpresak 2019ko urriaren 11n "askotariko informazioa" helarazi ziela, eta tartean, ingeniaritza espezializatu batek egindako azterketa bat. Azterketa horrek zabortegia "egonkorra" zela zioen: "Ondoriozta daiteke, ikuspegi globaletik, zabortegia egonkorra dela egungo konfigurazioarekin, bai haustura zirkularrei dagokienez, bai oinarrizko konformatuaren ahultasun-planoaren ondoriozko bloke-hausturei".

"Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten"

"Betetze-dinamika berarekin jarraituz gero, ondorioztatzen da zabortegiak Eusko Jaurlaritzak ezarritako egonkortasun-irizpideen arabera jokatuko duela, bai egoera normal batean, bai drainatzeak huts egiten duen istripu-egoera batean" gaineratzen zuen txostenak.

Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak egiaztatutako arau-hausteak zeintzuk ziren galdetuta, Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ondorengo kasuak aipatu zituen: "Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari, pilatzeko baimenik ez zuten materiala zeukaten pilatuta -kantitate txikian izanagatik- eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten".

Luiziaren tokian izan zen atzo eguerdian Moreno eta han galdetu zioten zer neurri hartu zituen Eusko Jaurlaritzak Ikuskaritzaren txostena zein Verter Recycling enpresak hari erantzunez aurkeztutako dokumentazioa jaso ondoren: "ez da arazoak ez direnik konpondu. Arazo batzuk berehala konpondu ziren eta beste batzuk konpontzeke zeuden, eta baloratzen ari ginen espediente zigortzailea ireki edo ez".

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena