Gizartea -

Lur-jausia

Zaldibarko zabortegiko sutea aktibo dago, baina "kontrolpean eta mugatuta"

Harrapatuta dauden bi beharginak topatzeko lanei goizean ekin diete berriro.

Lur-jausia ostegunean gertatu zen. Argazkia: EFE.
Lur-jausia ostegunean gertatu zen. Argazkia: EFE.
Berriro ekin diete Zaldibarko zabortegian desagertutako bi langileak aurkitzeko lanei

0:46

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luizia izan zuen Zaldibarko zabortegiko goialdeko sutea aktibo dago, baina "kontrolpean eta mugatuta"; bitartean, astelehen honetako 09:00ak aldera ekin diote berriro desagertuta dauden bi langileak bilatzeari.

Bizkaiko Aldundiaren iturriek Europa Pressi jakinarazi diotenez, suhiltzaileek zailtasun handiak dituzte, lurraldeko ezegonkortasunagatik; hortaz, teknikariak egoera ari dira aztertzen, beste bide batzuk topatzea posible ote den egiaztatzeko. Sutearen jatorria izan liteke zabortegian dauden metano-poltsak; horien ondorioz, txinparta txiki batek eragin lezake sua piztu eta hedatzea.

Hala, ondorengo orduetan, mugatutako gune batean lan egingo dute; izan ere, ustea da langileak gune horretan izan daitezkeela.Osteguneko luiziaren ostean, igande arratsaldean hasi ziren berriro bi desagertuak bilatzen, hondeamakinak erabiliz. Makina horiek baliatuz, asmoa zen lurraldean gehiago sakontzea, nahiz eta etengabe izan diren egonkortasunari adi. Igandera arte, ia eskuz lan egin izan dute beharginak, desagertuak topatzen saiatzeko; azaleko lanak egin izan dituzte, beste luiziren bat saihestea helburu. Suhiltzaileek eta ertzainek jantzi bereziak, maskarak eta eskularruak erabili dituzte, lur-jausiko industriako hondakinen artean amiantoa baitzegoen.

Ermuko alkate Juan Carlos Abascal: "Ez dago segurtasun-arazorik; airearen eta uraren kalitatea ona da"

Testuinguru honetan, Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak lasaitasun-mezua helarazi nahi izan die herritarrei, Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' saioan, zabortegitik datorren kearen gainean: "Alarma soziala dago herrian", onartu du, "baina airearen kalitatea ona da". Abascalek deitoratu duenez, "batzuk, nahita, desinformatzen ari dira, bai eta herritarrengan beldurra sortzen ere".

Adierazi duenez, lehentasuna da harrapatutako langileak aurkitzea eta beharginen segurtasuna; bigarren fase batean, haren esanetan, "zehaztuko da ardurak norenak diren, epaiketa batean". Alkateak dio Ermuko Udalak ez duela inolako erantzukizunik; nolanahi ere, "baliteke pankartak eta elkarretaratzeak egiten ari diren batzuek sorpresa hartzea, eta etorkizunean azalpenak eman behar izatea", esan du. Abascal EH Bilduz ari zen orduan; izan ere, azken alderdi horrek izan du, azken legealdietan, Zaldibarko Alkatetza.

Hondeamakinen lana igandeko 18:00ak aldera eten egin zuten. Une hartan, suhiltzaileek "mugatuta eta kontrolpean" zuten zabortegiko goialdeko sutea; Kantabriako Larrialdiei eskatutako helikoptero batek 21 ur-deskarga egin zituen. Nolanahi ere, goizaldean, garrak berriro ere bizitu egin dira, baina goizean, berriro ere, igandeko egoerara bueltatu dira.

Ostegunean, milioi erdi metro kubiko industriako hondakin baino gehiago amildu ziren mendi-hegaletik, eta horrek Verter Recycling 2002 enpresako bi langile harrapatu zituen. Halaber, AP-8 autobidea hainbat orduz izan zen itxita, bi norabideetan, bai eta N-634 errepidea, Zaldibar parean.

Horrez gain, astelehenerako, protestak deitu dituzte. "Zaldibar Argitu. Langileak, osasuna eta erantzukizunak orain!" lelopean, mobilizazio "zaratatsuak" izango dira, 19:30ean, Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren. Eibarko protesta Untzaga plazatik abiatuko da, Zaldibarrekoa Udaletxeko plazan hasiko da eta Ermukoa herriko plazatik.

Lau orduko txandak

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, amiantoa bezalako hondakinak kentzeko lanei ere ekingo diete gaur, lau orduko txandetan. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak igandean adierazi zuenez, inguruko zabortegien edukiera gaitasuna egiaztatuko dute eta, behar izanez gero, kanpora eramango lituzkete hondakinak.

"Hondakinak ateratzen hastean, eta segurtasun neurri guztiak tarteko, baimendutako zabortegiekin nahikoa izango delakoan gaude", ondorioztatu zuen. Morenok azpimarratu zuenez, zabortegiaren inguruko neurketak bere horretan mantentzen dira eta, momentuz, airearen eta uraren kalitatea ona da bai Zaldibarren, bai Eibarren eta Ermuan ere.

Senitartekoak eta bizilagunak, haserre

Hondakindegiaren inguruko airearen kutsadura maila "parametro normaletan" dagoela ziurtatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak ohar bidez, baina horrek ez ditu lasaitu herritarrak, eta Eitzaga auzoko bizilagunek batzarra deitu dute gaur eguerdirako, egoera aztertu eta aurrera begirako urratsak erabakitzeko. Bilera irekia izan da, eta hainbat talde ekologistetako ordezkariek parte hartu dute. Oso kezkatuta daude zabortegiaren inguruan bizi diren herritarrak, luiziaren ondoren zabaltzen ari diren informazioekin.

Kezkatuta, minduta eta haserre agertu dira, baita ere, desagertuta dauden langileetako baten etxekoak, ETBri eskainitako elkarrizketa batean. Eusko Jaurlaritzak ez diela informaziorik helarazi salatu dute, eta gorpuak bilatzeko ahalegin guztia egin dezatela eskatu diete agintariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Ermua albisteak Suteak gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak A8 autobidea gaur Zaldibar azken ordukoa Luiziak Durangaldea gaur