Gizartea -
Indarkeria matxista
Arandinako jokalari ohi bat absolbitu eta beste biei kondena laburtu diete
Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak sexu-abusua izan zela aitortu du, eta adin eta heldutasun maila aringarritzat jo ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak Arandina futbol taldeko jokalari ohietako bat absolbitu du, adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita, eta beste bi auzipetuei, berriz, lau eta hiru urtera laburtu diete espetxe-zigorra. Hiru akusatuentzat hasiera batean 38 urteko kartzela zigorra eskatzen zen.
Auzitegiak sexu-abusuaren delitu bat egotzi die, sexu-erasoa ukatuta, eta aringarritzat jo ditu biktimarekiko adin eta heldutasun maila, Auzitegi Nagusiko iturriek jakitera eman dutenez.
Alde batetik, Auzitegiak R.Cren erantzukizuna ezeztatu du; izan ere, Probintzia Auzitegiak ere arrazoi berberak erabili ditu absolbitzeko, bai bere logelan gertatutakoagatik, bai egongelan egindakoagatik.
Bestalde, C.C.S. eta V.V.R.ren kartzela zigorrak laburtu ditu Auzitegiak, lehenengoari lau urteko kartzela-zigorra ezarri dio eta bigarrenari hiru urtekoa, era berean, 10.000 euro ordaindu beharko dizkiote adingabeari, Auzitegi Nagusiko Prentsa Kabineteko iturrien arabera.
Epaiak adierazi du adingabearen adierazpenak -lekukotzakoak, perituenak, dokumentalak (bideoa, elkarrizketak eta telefono bidezko mezuak)– sinesgarritasun osoa dutela etxebizitzako egongelan emandako gertakariak frogatzeko, baina ez datozela bat moduari dagokionez.
Zehazki, Auzitegiak ez du frogatu larderiarik egon zenik; izan ere, erasotuaren adierazpenaren –hiru akusatuei egindakoa azaltzen duena (hirurak masturbatzea eta felazioak egitea)– hurrengo egunetan izandako jokabidearekin kontraesanak daudela adierazi du Auzitegiak (horietako batekin sexu-mezuak trukatu zituen eta hurrengo egunean etxera laguntzea onartu zuen). Era berean, gertakaria eman eta handik gutxira -egongela utzi zuenean-, aldameneko gela batean haietako batekin sexu-harremanak borondatez onartu zituela adierazi du epaiak (auzitegiaren epaian frogatutzat eman eta aurkaratu ez dena), gainera, gertutakoaren ostean lagun artean bizi izandakoaren inguruan harrotu zela azpimarratu du Auzitegiak.