Gizartea -

Koronabirusa

Urkullu: "Jaurlaritza ahal duen guztia egiten ari da osasun-hornidura bermatzeko"

Lehendakariaren ahotan, osasun-materiala, bereziki maskarak, NBEak eta arnasgailuak, "ondasun urria eta premia handikoa da" izurriteari aurre egiteko.

Urkullu, Murga eta Beltran de Heredia Osasun Kontseilua Koordinatzeko Zentroan. Argazkia: EFE
Urkullu, Murga eta Beltran de Heredia Osasun Kontseilua Koordinatzeko Zentroan. Argazkia: EFE
Urkullu, Murga eta Beltran de Heredia Osasun Kontseilua Koordinatzeko Zentroan. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritza "ahal duen guztia egiten ari da" osasun-hornidura datozen asteetan bermatu eta denboran zehar mantendu ahal izateko. Gainera, material horren erabilera ahalik eta gehien optimizatzeko beharra nabarmendu du, Irekiak ohar batean azaldu duenez.

Lehendakariaren ahotan, osasun-materiala, bereziki maskarak, NBEak eta arnasgailuak, "ondasun urria eta premia handikoa da" pandemiari aurre egiteko; batez ere, osasun-langileentzat,  eta zentro soziosanitarioetan, osasun-garraioan, etxeko laguntzan, Ertzaintzan eta oinarrizko zerbitzuetan lan egiten duten pertsonentzat.

EAEko buruzagiak, Osasun sailburu Nekane Murgak eta Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak lagunduta, Txurdinagako Osasun Kontseilua Koordinatzeko Zentroan lan egiten duen talde profesionala bisitatu du gaur goizean eta eskerrak eman dizkie Covid-19k eragindako egoeraren aurrean egiten ari diren lanagatik. Osakidetzako Aholku Sanitarioa erizaintzako profesionalek urteko 365 egunetan 24 orduz emandako arreta ez-presentzialeko zerbitzua da.

Zerbitzua erreferentzia-puntu bat da ohiko osasun-arazoen aurrean gomendioak behar diren kasuetan eta osasun-arloko esku-hartze profesionalik behar ez denean. Zalantzak argitzen dituzte eta, sintomen arabera, jarduteko jarraibide egokienak eskaintzen dituzte. Koronabirusak eragindako krisi honetan, zerbitzu hau pieza angeluar bihurtu da, milaka kontsultari modu telematikoan erantzuteko aukera ematen duena.

Bisitan, lehendakariak 112 telefonoa eta SOS Deiak zerbitzua ematen duten pertsonak agurtzeko aukera ere izan du. Eusko Jaurlaritzaren izenean, esker ona adierazi die, koronabirusaren pandemia hedatzearen aurkako borrokan egindako funtsezko ekarpenagatik.

Azken bi asteetan 24 erizain berri hasi dira lanean Osakidetzako Osasun Kontseiluan.

Azken 25 egunetan erregistratutako 50.000 dei inguru aztertu ondoren, egiaztatu da koronabirusarekin lotutako dei horietatik hamarretik sei informazioa eskatzeko direla. Egoera horren aurrean, Osasun Sailak Call Center bat antolatzea erabaki zuen, errefortzu moduan.

Hala, Osasun Kontseiluan lan egiten zuten operadoreei beste hogeita hamar gehitu zaizkie. Lehen triaje edo bahetze bat egitea da haien betebeharra: deitzen duen pertsonak informazioa bakarrik behar badu, aipatutako langileak ematen dio erantzuna edo Sailaren webgunean dagoen informazioa begiratzea aholkatzen dio. Deitzen duen pertsonak sintomak baditu, orduan bai, deia erizaintzako profesionalei eta Osasun Kontseiluko erizaintzako langileei bideratzen zaie.

Sintomak dituzten pertsonek bakarrik deitu behar dute Osasun Kontseilura. Salbuespen batekin, izan ere, Arabaren eta Gasteizen kasuan, norbaitek sintomak baditu, bere osasun zentrora deitzea aholkatzen da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa