Gizartea -

Koronabirusa

Eraikinetako eskaileretan eta atarietan egotea debekaturik dagoela gogorarazi dute

Eraikinetako komunitate-guneetan (jolastoki, lorategi, eskailera…) ezin daiteke egon, "esparru pribatuak dira, baina komunitate osoak erabiltzen ditu", ohartarazi dutenez.

Bi pertsona eraikin bateko teilatuan. Argazkia: EFE
Bi pertsona eraikin bateko teilatuan. Argazkia: EFE
Bi pertsona eraikin bateko teilatuan. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alarma egoerarekin ezarritako debekuak eta irizpideak gogorarazi ditu. Zentzu horretan, eraikinetako komunitate-guneetan (jolastoki, lorategi, eskailera…) ezin daitekeela egon ohartarazi du.

Ertzaintzak zalantzak argitu nahi izan ditu ohar batean, besteak beste, denden irekiera edo desplazamenduak.

Horrela, jatetxeek janaria etxera eramateko aukera dutela gogorarazi du, baina ezin da elikadura lokalen barruan jan.

Era berean, telefono-mintzalekuek ez dute ateak zabaltzeko aukerarik, baina bai asteko merkatuek, "baimendutako produktuak soilik saltzeko eta osasun araudia betez".

Oinez edo ibilgailuan egindako joan-etorrietan "identifikatzen dituzten pertsonei ez zaie inolako ziurtagirik eskatuko, baina desplazamendua justifikatzeko informazioa kontuan hartuko dute", argitu dutenez. Horrela, argudioak zalantzagarriak baldin badira, informazioa beste bide baten bitartez egiaztatuko dute. "Oraingoz, ez da mugikortasun ziurtagiri ofizialik existitzen", azpimarratu du Ertzaintzak.

Oinez egindako joan-etorriei buruz, bakarka egin beharko direla azaldu du Ertzaintzak, desgaituak, adingabeak ala adinekoak laguntzeko salbu edo beste justifikaziorik ez badago.

Menpeko senidea zaintzeko eta artatzeko bisitak posible direla nabarmendu du Segurtasun Sailak, baita adingabeen zaintza eskualdatzeko joan-etorriak ere. Bestalde, zarama zaborrontzira eramaterik badago, baina "hurbilen dagoen tokira eta ezinbesteko denbora erabiliz".

Eraikinetako komunitate-guneetan (jolastoki, lorategi, eskailera…) ezin daiteke egon, "esparru pribatuak dira, baina komunitate osoak erabiltzen ditu", ohartarazi dutenez.

Taxien erabilerari dagokionez, bakarka erabiltzea baimenduta dago, pertsona desgaitu, adingabe, adineko edo autonomiarik gabeko pertsona bat laguntzeko ez bada.

Azkenik, beilatokietara edo hilerrietara joaterik badagoela adierazi du Ertzaintzak, "distantziak mantenduz eta jendetzak saihestuz". 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin?