Gizartea -
Koronabirusa COVID-19
Etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxe baten itxiera salatu dute Barakaldon
"Itxieraren ondorioz, etxerik gabeko zazpi emakumeetatik bik aterpetxean jarraitzeari uko egin diote, abusu matxisten beldur, eta egun ez dakite kalean bizitzera itzuli diren", azaldu dute.
Agentziak | Erredakzioa
'Argitan' Barakaldoko Emakumeen Aholkularitza Zentroak salatu duenez, etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea "bat-batean" itxi eta bertan zeuden emakumeak zentro misto batera eraman dituzte. Horrek esan nahi du "COVID-19 birusaren eta abusuen aurrean segurtasunezko eremua" galdu dutela.
Argitanek ohar batean, Barakaldoko Udalak "bat-batean" etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea "ixtea" erabaki duela kritikatu du. Urtarrilean jarri zuten martxan, eta apirilera arte jarraitzea aurreikusita zegoen, baina martxoaren 24an zerbitzua emateari utzi zioten, "langileek aterpetxe mistoa artatu behar zutela" argudiatuz.
"Etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxe mistora lekualdatu dituzte beste aterpetxeko emakumeak; aurretik indarkeria matxista jasan duten emakumeek 60 pertsona gizon baino gehiagorekin partekatu behar dute etxebizitza, eta, aldi berean, zaila da COVID-19 koronabirusaren aurkako babesa bermatzea" ohartarazi dute. Izan ere, Argitanek azaldu duenez, erabiltzaileen arabera, "bi kasu positibo daude".
"Harrera-etxea ixtea" deitoratu dute, "etxerik gabeko zazpi emakumeetatik bik aterpetxean jarraitzeari uko egin diote, gehiegikeria matxisten beldur direlako, eta egun ez dakite kalean bizitzera eta lo egitera itzuli diren".
Bestalde, etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxe mistoak 28 lagunentzako tokia zeukan Lasesarreko kiroldegian, martxoaren 16ra arte. Beraz, erabiltzaileak Barakaldoko frontoira lekualdatu ziren, eta "ordura arte kalean lotan zeuden beste hiru dozena herritar" batu zituztela azaldu dute.
Hala ere, zentroak adierazi duenez, "martxoaren 26an berriro lekualdatu ziren denak, gizonezkoak zein emakumezkoak, Lasesarreko kiroldegira, baina ez aterpetxera, kirol anitzeko kantxara baizik".
"Udalaren jardunak, prentsari emandako datuekin, inprobisazioa eta planifikazio falta erakusten du. Hala, aterpetxeko emakumeek bi etxe-aldaketa egin behar izan dituzte 48 ordutan, eta ingurune seguru eta osasuntsu batetik atera dituzte, masifikatutako eta era guztietako arriskuak dituen gune batera eramateko", deitoratu du Argitanek.
Bertako arduradunek Udalari kritika egin diote, "eginbehar guztiak artatzeko langile kopurua handitu beharrean, emakumeentzako zerbitzu espezifikoa ezabatu" egin duelako, eta "itxiera eta konfinamendu masibo honen eraginpean dauden bi emakume indarkeria matxistaren biktimak" direla nabarmendu dute. Eurek eskatu zioten Udalari "gune seguru bat", emakumez inguratua soilik, "lasaitasun eta babes handiagoa bermatzeko". Udalak, ordea, "entzungor" egin duela salatu dute.
Esparru horretan, Emakumearen Aholku Zentroak berretsi du koronabirusaren pandemiak eragindako krisia "indarkeria matxisten egoerak larriagotzea" eragiten ari dela, "baita emakumeek pairatzen duten pobrezia eta prekarietatea ere, indarkeria eta sexu-erasoak jasateko arrisku handiagoa baitute, tratu txarrak eragiten dizkietenekin edo bortxatzaileekin bizitzera behartuta daudelako".
Hori dela eta, "egiturazko konponbideak" eskatu ditu, "enplegu duina eta baldintza berdinak" bermatzen dituzten neurriak eskatzen dituztenak, baita "emakumeei bizitza duin batez gozatzeko aukera emango dien babes sozialeko sistema bat ere, normaltasun zein salbuespen egoeretan".