Gizartea -

Koronabirusa

Nazioarteko turismoa bultzatzeko plana aurkeztuko du gaur Bruselak

Birusak eragin gutxiago duen herrialdeetan neurriak arintzea proposatuko du Europako Batzordeak. Planak hiru fase izango ditu ardatz, baina herrialdeei emandako irizpideak ez dira lotesleak izango.

Brusela. Argazkia: EFE
Brusela.
Brusela. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 gaitzak osasun arloan eragindako krisiaren ostean, Europar Batasuneko estatu kideei turismoa suspertzen laguntzeko eta konfinamenduaren irteera mailakatuan estrategia koordinatua bultzatzeko helburua duen protokolo-sorta aurkeztuko du gaur, asteazkena, Europako Batzordeak. Estrategia hori berehala abiatu nahi du Bruselak, eta udan barne-mugak pixkanaka ireki.

Hasierako deskoordinazioaren ostean, normaltasuna berreskuratzeko bidean ikuspegi bateratua bultzatzeko plan bat da, turismoa berrabiaraztea lehentasun duela. Hain zuzen, toki turistiko eta hotel nagusietarako osasun- eta segurtasun-protokoloak, garraio-zerbitzuetarako gidak eta herrialdeen arteko koordinazio hobea izango ditu oinarrian plan horrek. Azken asteotan, europarrek "uda honetatik aurrera" berriro bidaiatzen hasteko aukera izateko itxaropena agertu dute hainbat komisariok.

Testuinguru horretan, Europako Batzordearen protokolo-sortak "hiru fase izango ditu ardatz", eta birusak eragin gutxiago duen herrialdeetan neurriak arintzea lehenesten du, betiere ateak zabaldu nahi dituzten bi estatuak "antzeko egoeran badaude" eta egoera epidemiologikoari buruzko "informazioa unean-unean" emateko gai badira, Europa Press albiste-agentziak eskura izan duen zirriborro baten arabera.

Idatzi horretan, Europako Batzordeak ohartarazi du herrialdeen arteko koordinazioa eta osasun arloko ikuspegi bateratua "funtsezkoa" izango dela turisten konfiantza berreskuratzeko eta europarrek "uda honetatik aurrera bidaiatzeko aukera izateko".

Kontuan hartu beharreko beste irizpide batzuk dira osasun-zerbitzuek kasu berriak artatzeko duten gaitasuna, baita balizko gorakada bat aurreikusteko eta kontrolatzeko duten gaitasuna ere, Batzordearen iritziz. Alabaina, Bruselak ez du eskumenik osasun-arloan, ezta mugen kudeaketan ere, estatu kideen eskumenak direlako. Ondorioz, herrialdeei emandako irizpideak ez dira lotesleak izango.

Halaber, Europako Batzordeak bidaiarien eskubideei eta airelineek krisialdi honetan baliogabetutako hegaldiak konpentsatzeko bidaia-kupoiak eskaintzeko dituzten aukerei buruz aholkuak ematea espero da.

Hainbat airelineak kontsumitzaileak babesten dituzten arauak behin-behinean malgutzeko eskatu dute, eta bidaia-kupoi horien ordez dirua itzultzeko eskubidea eman nahi diete, baina aukera hori borondatezkoa baino ezin dela izan erantzun du Bruselak orain arte, eta konpainiei dagokiela erabiltzaileentzat eskaintza "erakargarriagoak" egitea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomarik baduzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Brusela Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainia Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Oporrak Erizaintza Sendagaiak Uda Bidaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea