Gizartea -

KORONABIRUSA

4 hildako EAEn eta 1 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Nekane Murgak ardura eskatu die herritarrei "beste behin ere", eta "osasuna lehentasuna" dela azpimarratu du. Deseskalatze prozesuari buruzko erabakiak "datuetan oinarrituta hartuko dira".

Bilbo. Argazkia: EFE
Bilbo.
Bilbo. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, lau pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.584 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, 13 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 24:00ak arte bildutakoak).

Beste behin ere, euskal herritarrei ardura eskatuz hasi du Nekane Murga Osasun sailburuak EAEko egoera epidemiologikoa eguneratzeko goizean egindako agerraldia, eta, prebentziorako gomendioak betetzeko deia egin du: 2 metroko segurtasun-tartea zaintzea, gutxieneko distantzia gorde ezin denean maskara erabiltzea eta eskuak sarri garbitzea.

Murgak azpimarratu duenez, Osasun Sailak "zorrotz aztertzen eta zaintzen du datuen bilakaera". Hala, sailburuak adierazi duenez, "orain arte egin dugun bezala, une bakoitzean beharrezkoak diren neurriak hartzen ditugu, osasuna zaintzea baita gure lehentasuna".

Halaber, deseskalatze prozesuaren inguruko erabakiak datuetan oinarrituta hartuko dituztela nabarmendu du. Ildo horretatik, koronabirusari aurre egiteko osasun arloko profesionalak egiten ari diren lana txalotu du Murgak, eta eskerrak eman dizkie egiten ari diren ahaleginagatik.

Bestalde, Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako bi fokuen egoerari dagokionez, eguneratutako datuak eman ditu Osasun sailburuak.

Horren harira, Murgak azaldu duenez, Basurtuko Ospitalean aurkitutako koronabirusaren fokuak 29 pertsonari eragin die dagoeneko, atzo baino 4 gehiago, eta bi gaixo hil dira. Gasteizko Txagorritxuko Ospitalean, berriz, kutsatuen kopurua 4tik 7ra igo da, eta ospitaleratu bat hil da.

Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,88). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 1,9koa zen indize hori; joan den astean, berriz, ez zen batera iristen (0,74).

Horrela, datuek aldaketa handirik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 5.056 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.850 PCR eta 1.206 test serologiko.

Azken orduetan, 13 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.554 guztira) eta 43 test serologikoen bidez (6.707), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.261 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban pertsona batek eman du positibo PCR probetan azken 24 orduetan (3.305 guztira), eta Bizkaian beste 12 kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.827 guztira). Gipuzkoan, berriz, ez dute kasu berririk atzeman azken 24 orduetan. Hain zuzen ere, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte daturik baxuenak (2.265 guztira).

Araban baieztatutako kasuari dagokienez, Urkabustaizen (bat) atzeman dute baieztatutako positibo bakarra. Bizkaian, berriz, Bermeon (bat), Bilbon (bederatzi), Busturian (bat) eta Zallan (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak. Gipuzkoan, azken orduetan ez dute kasu berririk atzeman.

Osasuna lehentasuna dela azpimarratu du Murgak, eta deseskalatze prozesuari buruzko erabakiak datuetan oinarrituta hartuko direla.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 157 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 229.948 PCR proba eta 123.217 test azkar egin zaizkie 203.929 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan 12 pertsonak jaso dute alta ospitalean; guztira 4.216 gaixok jaso dute (% 20,8). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 38 gehiago dira, 13.243 guztira (% 65,4).

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak ez du aldaketarik izan; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, ez dute paziente gehiago artatu behar izan. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 18 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.

Orain arte, guztira 1.584 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Azken orduetan, pertsona bat ospitaleratu dute bakarrik COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 200 pertsona daude ospitaleratuta (182 gela arruntetan daude, eta 18, ZIUetan).

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Beste pertsona bat hil da COVID-19ren ondorioz Nafarroan

Pertsona bat hil da azken 24 orduetan Nafarroan COVID-19aren ondorioz, beraz, 517 dira pandemia hasi zenetik Foru Erkidegoan hildakoak, guztira 5.344 pertsona kutsatu dira azken eguneko lau kasu berrien ostean. Atzemandako kasu positibo guztiak (PCR + Test azkarrak) 9.118 dira. 

Foru Gobernuak emandako datuen arabera, une honetan 44 pertsona daude ospitaleratuta, azken egunean 4 alta eman ostean; horietatik 35 gela arruntetan daude, eta pertsona batek alta jaso du bertan.

Zainketa intentsiboetako unitatean 7 pertsona geratzen dira, azken eguneko bi alten ostean, eta beste bik etxeko ospitalizazio modalitatean jarraitzen dute, atzo baino bat gutxiago.

Foru Gobernuak ohartarazi duenez, datu horiek Osasun Ministerioarekin koordinatuta berrikusi behar dira.

Osasun Ministerioak 156 kasu zenbatu ditu egun batean eta 32 heriotza azken 7 egunetan

Osasun Ministerioak 156 COVID-19 kasu berri zenbatu ditu azken egunean, hau da, 242.707 guztira, eta 32 heriotza azken 7 egunetan, nahiz eta duela egun batzuetatik 27.136 hildakoen kopurua izoztuta dagoen.

Gainera, 11.617 pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitate batean ospitaleratu dituzte, 10 azken 7 egunetan; eta 124.536 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, 151 azken astean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Nafarroako Osasun Zerbitzua