Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak seroprebalentzia azterketa propioa egingo du udazkenean

Nafarroako Gobernuak, antigorputzak atzemateko probak egiteko asmoa du 1.000 pertsona inguruko lagin batean, adin-taldearen eta sexuaren arabera prebalentzia ezagutzeko.

Hainbat pertsona Iruñean, paseatzen. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Iruñean, paseatzen.
Hainbat pertsona Iruñean, paseatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak iragarri duenez, COVID-19 gaitza atzemateko detekzio-probetan positino ematen duten kasuak jarraitzeko sistema areagotuko du, eta, udazkenean, populazio-lagin bati analisiak egingo dizkie. Gainera, gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomak dituzten herritarrei PCR probak egingo dizkie, eta babes kolektiboko neurriak indartuko ditu.

Hala iragarri du ostiral honetan Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, Espainiako Osasun Ministerioak Estatu osoan egindako seroprebalentzia azterketaren lehen bi faseen emaitzak aztertzeko egin duen agerraldian. Nafarroan, 2.500 pertsona inguruko laginarekin, herritarren % 6,4k (50.000 pertsona inguru) gaixotasunaren aurkako antigorputzak garatu dituela jakin dute, eta Estatuan, berriz,% 5,8k.

Une honetan, ikerketa horren hirugarren partea egiten ari dira; hortaz, orain arte zabaldutako emaitzak behin-behinekoak dira. Ildo horretatik, Estatuan immunitate mailara iristeko (gutxienez % 60) asko falta dela erakusten dute seroprebalentzia azterketaren lehen bi faseen emaitzek.

Horren harira, Indurainek garrantzia kendu dio lehen eta bigarren proben artean emaitzak izan duen bilakaera eskasari. Alabaina, seroprebalentzia azterketaren emaitzen inguruan egindako hausnarketaren harira, Nafarroako Gobernuak balizko kasu positiboei buruzko "zaintza sistema areagotzea" erabaki duela aurreratu du.

Halaber, Indurainek "beharrezkotzat" jo du seroprebalentzia-inkestak egitea, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren ekimenez, eta aurreratu du udazkenean antigorputzak atzemateko analisiak egitea aurreikusita dagoela, gutxi gorabehera 1.000 pertsonako lagin batean, adin-taldearen eta sexuaren arabera prebalentzia ezagutzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Nafarroako Osasun Zerbitzua