Gizartea -

Koronabirusa

Sasoikako langileen kontratazioa deklaratzeko agindu die Eusko Jaurlaritzak enpresei

Langileen bizilekuak jakinarazi beharko dituzte, gaitza atzemateko PCR probak egin ahal izateko, eta, behar izanez gero, medikuen asistentzia bermatzeko.

Mahatsa biltzen ari diren pertsona batzuk, Zarautzen. Artxiboko argazkia: Lorentxo Portularrume
Mahatsa biltzen ari diren pertsona batzuk, Zarautzen.
Mahatsa biltzen ari diren pertsona batzuk, Zarautzen. Artxiboko argazkia: Lorentxo Portularrume

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak sasoikako langileen kontratazioa deklaratzeko betebeharra ezartzen duen agindu bat onartu du, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz gaitza atzemateko PCR probak egin ahal izateko, eta, behar izanez gero, medikuen asistentzia bermatzeko. Horrela, nekazaritzarekin lotutako enpresek kontratatutako pertsona kopurua eta horien bizilekuak jakinarazi beharko dituzte zazpi eguneko epean.

Neurri horrekin, COVID-19ari "eraginkortasun handiagoz" aurre egin nahi dio Jaurlaritzak, datozen egunetan "eremu geografiko ezberdinetatik" datozen langileak iritsiko baitira Euskadira, mahatsa eta patata biltzera, besteak beste, ohar batean azaldu duenez.

Hala, herritarren osasuna babesteko asmoz, 2020ko nekazaritza arloko kanpainetan sasoikako langileen "osasun kontroleko eta jarraipeneko jarduerak" ezarriko ditu Osasun Sailak, eta, horretarako, "egokitzat jotzen dituen probak" egingo ditu.

Halaber, gaitzak kutsatutako pertsonen kasuan "isolamendu neurri egokiak" har daitezen arduratuko da, baita haien kontaktu estuen jarraipena egiteaz ere. Horrez gain, koarentena behar duten pertsonak isolatzeko guneak prestatzeko eta COVID-19 kasuak atzeman dituzten tokiak konfinatzeko, Osasun Saila eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila elkarrekin arituko dira, tokian tokiko agintariekin eta foru erakundeekin batera, kutsatutako langileekin kontaktuan egon diren pertsonak artatuz.

Aginduaz gain, Eusko Jaurlaritzak nekazaritza-ustiategietarako segurtasun higieniko-sanitarioarekin lotutako jarduera-protokolo bat prestatu du, sasoikako langileak kontratatuko dituzten nekazaritza arloko enpresetan eta haiei emandako ostatuetan ezarri beharreko "jardunbide egokiak" zehazten dituena.

Jaurlaritzaren arabera, 2020ko nekazaritza-kanpainetako sasoikako langileen egungo eta estimatutako enpleguari buruzko deklarazioak gehienez ere zazpi eguneko epean aurkeztu beharko dira (irailaren 8a baino lehen).

Informazio hori aurrez aurre edo bide elektronikoz aurkeztu behar da. Aurrez aurre egin nahi dutenek, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan edo aurreikusitako edozein lekutan aurkeztu ahalko dute eskatutako informazioa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Enpresaburuak Koronabirusa Deseskalatzea Telelana