Gizartea -
Koronabirusa
Murgak "egonkortze zantzuak" ikusi ditu azken asteetan EAEn
Dena dela, zuhur agertu da eta "joera aldaketa bat" dagoela esateko itxaron egin behar dela azpimarratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), baina "mantsoago" ari da zabaltzen. Hori dela eta, "egonkortze zantzuak" ikusi ditu azken asteetan Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Zantzu horiek "joera aldaketa" diren esateko, baina, "goizegi" dela adierazi du, eta arduraz jokatzen jarraitzeko eskatu dio jendarteari.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, 546 positibo berri izan ditu EAEk azken orduetan, bezperan baino 101 gehiago, baina PCR bidez kutsatutakoen ehunekoak behera egin du apur bat, eta atzo 8.887 test egin zituzten.
Murgaren esanetan, RO tasa (birsortze gaitasuna neurtzen duena) 1etik behera kokatu da berriro eta hori "seinale ona" da. "Euskadi egonkortze zantzuak erakusten hasi da, baina joera aldaketa bat baieztatzeko guztiz egonkortu arte itxaron behar da", adierazi du.
Sailburuak ez du beherakada hori Jaurlaritzak osasun alerta ezartzearen ondotik hartutako neurriekin bakarrik lotu nahi izan. "Askotxo esatea litzateke", azaldu du.
Horrez gain, eskerrak eman dizkie arauak eta murrizketak betetzen ari diren herritarrei, eurei esker "kutsatzeak geldiarazten ari garelako".