Gizartea -

KORONABIRUSA

COVID-19 kasuen gorakada: 705era EAEn eta 158era Nafarroan

Gainera, 47 ospitaleratze berri izan dira EAEn (1 ZIUn), eta 14 Nafarroan (3 ZIUn). Iruñean gazteen kasu kopuruak gora egin duela ohartarazi dute.

PCR proba egiteko ilara. Argazkia: Efe
PCR proba egiteko ilara. Argazkia: Efe
9.841 PCR eginda, 705 kasu berri atzeman dira azken 24 orduetan EAEn

1:32

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn ostegunean atzemandako kutsatze berrien kopurua 705era igo da, bezperan baino 100 gehiago. Egun batean ospitaleratuak izaten diren pertsonen batez besteko kopuruak beherakada txiki bat (61 atzo eta 47 gaur) izan duen arren, ospitaleratutako pertsonen kopuruak gora egin du: 48 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, atzoko balantzean baino 1 gehiago.

Osasun Sailak eguneratutako datuen arabera, guztira 9.841 PCR proba egin ziren, eta, beraz, positiboen ehunekoa % 7,1ekoa izan zen. Beraz, atzoko datuarekin alderatuta (%6,6), gora egin du.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, kutsatze gehienak Bizkaian atzeman dituzte, 357 (bezperan 360), Gipuzkoan 217 (asteazkenean baino 52 gehiago) eta Araban, 122 (69 gehiago). PCR proban positibo eman duten beste 9 pertsona, berriz, EAEtik kanpo bizi dira.

Atzo 47 pertsona ospitaleratu zituzten, eta gaur egun 48 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino 1 gehiago.

R0 indizea, gaixo batek infektatu ditzakeen pertsonen kopurua adierazten duena, 0,93ra jaitsi da (atzo 0,94koa zen). Hala, uztailean eguneroko kasuen kopurua berriro igo zenetik izan den kopururik txikiena eskuratu da.

Mungiako Goieta tabernako (Bizkaia) bezeroen artean egindako baheketan 530 PCR egin dira orain arte Urdulizko Ospitalean. PCR proba horietatik 410 emaitza lortu dira. Momentuz 15 positibo daude, eta 125 emaitzaren zain daude.

Irungo Gaztelumendi tabernako baheketari dagokionez, 769 PCR egin dira Ficoban. Hemendik aurrera, PCRak egin nahiz dituzten tabernako bezeroek Bidasoako Ospitalera jo beharko dute, euren osasun zentrora lehenago deituta ordua eskatzeko. Oraingoz, positibo bat dago, eta 37 emaitzaren zain daude.

Pandemiak udalerrika izan duen bilakaerari dagokionez; Araban, 99 positibo berri izan dira Gasteizen, eta Laudioko 7 positiboak nabarmendu behar dira.

Bizkaian, Bilbon 133 pertsona kutsatu dira; Getxon, berriz, 27 izan dira; Barakaldon, 26; Mungian, 36; Sestaon eta Durangon, 11; eta Galdakaon, 10.

Gipuzkoan 79 kasu berri zenbatu ditu Donostiak, 17 gehiago Irunek, 8 Hondarribiak eta Hernanik, 7 Zumarragak eta 6 Errenteriak.

EAEko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak aztertu daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Nafarroan 158 kasu

Nafarroan 158 covid-19 kasu berri eta 14 ospitaleratze (horietako 3 ZIUn) atzeman zituzten ostegunean, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak prentsaurrekoan emandako datuen arabera. Ostegunean 2.068 PCR proba egin zituzten Nafarroan. Gaur egun 92 pertsona daude ospitaleratuta Foru Erkidegoan covid-19aren ondorioz, eta ez da hildakorik izan azken 24 orduetan.

Santos Indurainek adierazi duenez, "deigarria da gazteen kasuak ugaritzen ari direla Iruñean". Ostegunean izandako positibo guztien % 65 Iruñerrian izan dira.

Egoera horren ondorioz neurri murriztaile gehiago hartzeko aukerari buruz galdetuta, Indurainek adierazi du "ebaluazio jarraitua" egiten dutela, "monitorizazio bat, neurriak egokitzen joateko, eta ez dugu inolako neurririk baztertzen ".

Sailburuak esan duenez, "agerraldiak familia eta lagunarte mailan izaten jarraitzen dute", eta bilera horiek "talde txikietan" egiteko eskatu du, "maskarak, distantzia eta eskuen higienea erabiliz". "Zeregin kolektiboa da", berretsi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Bilboko azken albisteak Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Ermua Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Osasunbidea