Gizartea -
KORONABIRUSA
318ra jaitsi dira positibo berriak EAEn, eta 279ra igo Nafarroan
Lurraldeka, 279 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan, 41 Araban, 165 Bizkaian eta 111 Gipuzkoan. Positiboen portzentajea % 3,8ra jaitsi da EAEn, baina % 8,8ra gora egin du Foru Erkidegoan.
eitb.eus
Azken 24 orduetan 318 positibo atzeman dituzte EAEn, koronabirusaren pandemiaren eguneroko bilakaeraren datuen arabera. Atzo baino 124 kasu gutxiago izan dira, beraz, eta positiboen portzentajea % 3,8ra jaitsi da. Asteko daturik onena ostegunean eman zen: % 3,5; eta ondorengo egunetan % 5etik gora egon da.
Larunbatean 8.227 PCR proba egin zituzten Osasun Departamenduak jakitera eman duenez eta, lurraldeka, 41 kasu berri atzeman zituzten Araban, 165 Bizkaian, 111 Gipuzkoan eta kasu bat Euskaditik kanpo bizi den pertsona batengan.
Ospitaleei dagokienez, 26 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte azken orduetan (bezperan baino 13 gutxiago), eta gaur egun 56 lagun daude ZIUetan. Azken datu horrek berdin jarraitzen du hirugarren egunez jarraian.
Pandemiaren bilakaerari dagokionez, iraileko lehen astean positibo portzentajea % 6,5ekoa izan zen, eta orain, urriko lehen astean, batezbestekoa % 4,5ekoa izan da. Beheranzko joera duela dirudi, beraz.
Herriz herriko informazio zehatza eta RO indizea astelehenean eguneratuko dituzte.
276 positibo eta 15 ospitaleratu berri Nafarroan
Azken 24 orduetan inor ez da hil koronabirusagatik Nafarroan. Hala ere, 276 paziente berri zenbatu eta 15 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, batere ZIUn.
Nafarroako osasun sistema publikoak 3.137 PCR proba egin ditu, eta positiboen portzentajea % 8,8koa izan zen larunbatean.
Iruñean eta Iruñerrian positibo berrien % 60 zenbatu dituzte, Tuteran % 15 eta Lizarran % 5. Gainerako positiboak (% 20) Nafarroako beste zonalde batzuetan atzeman dituzte.
Adin tarteei dagokionez, 45-59 urte arteko pertsonak izan ziren kutsatuenak atzo, % 23, ondoren 15-29 eta 30-44 urteko adin tarteak, bakoitzak % 19. 60-75 urteko pertsona kutsatuak % 15 dira, 15 urtez beherakoak % 14 eta 75 urtez gorakoak % 10. Honenbestez, positibo berrien batez besteko adina 42,8 urtekoa da.
Atzo 15 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Nafarroan, batere ZIUn. COVID-19ak jota 219 pertsona ospitalean dira, atzo baino 10 gehiago. 25 ZIUn daude (atzoko kopuru bera) eta 31 euren etxean. Gainerako 163 pazienteak ospitaleetako logeletan daude.
Guztira, 19.162 positibo eta 582 hildako zenbatu dituzte Nafarroan pandemia hasi zenetik.