Gizartea -

Koronabirusa

Fiskaltzak begi onez jo ditu EAErako onartutako neurri murriztaile berriak

Datorren asteburutik aurrera egon litezke indarrean neurri horiek. Aurretik, baina, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dituzte.

Ertzaintza, Gasteizko Alde Zaharrean. Artxiboko argazkia: EFE
Fiskaltzak begi onez jo ditu EAErako onartutako neurri murriztaile berriak
Ertzaintza, Gasteizko Alde Zaharrean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn koronabirusaren pandemiak azken egunetan izan duen bilakaera kontuan izanda, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak begi onez jo du sei pertsonatik gorako bilerak debekatzea. Horixe da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena eteteko proposatutako neurri murriztaileetako bat.

Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak azaldu duenez, Ministerio Publikoak onartu egin du Jaurlaritzaren proposamena "neurrikoa eta gaur egungo egoerara egokitua" delako, eta horixe adierazi du astearte honetan Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzien salari bidalitako txostenean. Idatzi horren arabera, gehienez sei pertsonako bilerak onartuko dira EAEn. Datu epidemiologikoen bilakaerak bultzatuta onartu dituzte neurri berriak.

Jaurlaritzak, bere aldetik, atzo bidali zion Justizia Auzitegiari Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren agindua, eta Fiskaltzak 24 orduko epea agortu aurretik eman dio erantzuna. Gaurtik aurrera, Administrazio Auzien presidente Luis Angel Garridok bi egun ditu bilera deitu eta aipatutako neurriei buruzko autoa aurkezteko. Beraz, ostegunean emango dute erabakiaren berri.

Behin agindua onartuta, litekeena da neurriak datorren asteburuan sartzea indarrean. Aurretik, baina, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dituzte.

Esan bezala, sei pertsonatik gorako bilerak debekatuko dituzte, eta ostalaritza establezimenduek (terrazek salbu) ezingo dute % 50eko edukiera gainditu, ezta kultur eta erlijio ekitaldiek ere.

Gainera, taberna eta jatetxeak 00:00etan itxiko dituzte, orain baino ordubete lehenago, eta galarazita egongo da txoko eta elkarteetan batzea.

Bukatzeko, inolaz ere ezingo dira toki itxietan 400 pertsona baino gehiago bildu, eta leku irekietan ezingo da 600 laguneko muga gainditu. Jolastokiak eta lorategiak 23:00etan zarratuko dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa EAEko Auzitegi Nagusia hoy