Gizartea -

COVID-AREN AURKAKO NEURRIAK

Taberna eta jatetxeek 14 egun gehiago jarraituko dute itxita Nafarroan

Itxitura perimetrala eta etxeratze-agindua bi astez mantenduko dira. Etxeko otordu-zerbitzua, berriz, ordu eta erdi gehiago luzatuko da.

Iruñeko terraza bat. Artxiboko irudia: EFE
Iruñeko terraza bat.
Nafarroako Gobernuak bi aste gehiago luzatu ditu murrizketak

0:49

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak astearte honetan iragarri duenez, beste bi astez luzatuko ditu, azaroaren 5etik 18ra, koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurriak, etorkizunean "inolako aukerarik" baztertu gabe. Dena dela,  une honetan ez dute etxeko konfinamendua egiteko asmorik.

Hamabost egunez mantenduko da, beraz, Foru Erkidegoaren itxiera perimetrala eta etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara.

Gainera, ostalaritza eta jatetxe guztien itxiera ere bi asteaz luzatu da, baina otorduak banatzeko zerbitzua 22:30ak arte izango da (orain 21:00etan amaitzen da).  Establezimenduetako arduradunek "bermatu" beharko duten % 40ko edukiera bere horretan dirau.

Javier Remirez presidenteordearen arabera, "pandemiari eusteko beharrezko neurriak dira", neurri "egokiak", izan ere, badirudi "eragina izaten ari direla", kutsatzeen hazkundea moteltzea lortu baitu; hori dela eta, egoeraren bilakaera ikusteko denbora ematearen alde agertu da prentsaurrekoan.

Kutsatze kopurua txikiagoa bada ere, Santos Indurain Osasun sailburuak esan duenez oraindik ez dute ospitaleetako presioa murriztu, eta, ondorioz, asteburu honetan "espazioak eta dispositiboak indartu dira".

61 pertsona ZIUn

Aurreko astean 3.938 positibo izan ziren, aurreko astean 3.932, eta 562 kasu izan ziren egunero; aurreko astean, berriz, 561. Momentu honetan 411 pertsona daude ospitalean, eta 61 ZIUn, "bigarren olatu honetako kopururik altuena", nahiz eta ez duen eman Nafarroak duen ZIU ohe kopuruaren gaineko ehunekoa.

Egunean 500 kasu baino gehiago izaten dira, batez beste, eta kopuru hori "onartezina" da, osasun-sistema "behin betiko mintzea" eta udaberriko egoerara itzultzea saihestu nahi badugu; izan ere, pandemiak "erabat baldintzatu" zuen udaberria. Indurainek nabarmendu duenez, "beharrezkoa da ospitaleratzeak eta heriotzak murriztea, eta, aldi berean, ahalik eta jarduera sozioekonomiko handienari eustea".

Horren harira, gogorarazi du Gobernuak osasunaren onura kolektiboa zaindu behar duela, eta horretarako, aste honetan, 30 arakatzaile sartu dira (250 dira jada) eta antigenoen testak testak egiten hasi dira osasun-zentroetan.

Baina herritarrek ere kontaktu sozialak "ahalik eta gehien" murrizten lagundu behar dute; izan ere, kutsatzeen erdiak inguru hurbilean gertatzen dira, "konfiantzazko inguruneetan", eta, beraz, gauza jakina da oraindik "aste gogorrak" datozela.

Ez dute aukerarik baztertu

Hala ere, ziurtatu du une honetan ez dagoela mahai gainean etxeko konfinamendua, baina sailburuak zehaztu du 100.000 biztanleko 1.193 kasuren intzidentzia metatuak "kezkagarria" izaten jarraitzen duela, nahiz eta estatuko altuena ez izan; izan ere, ospitaleratzeak areagotu eta ZIUko egonaldiak luzatu egiten dira.

"Oso lanaldi gogorrak datoz ospitaleetan, eta prebentzioz jokatu behar da norberaren erantzukizunetik, ezinbestekoa baita aste honetan kutsatutakoen kopurua jaistea eta hurrengoan jaitsiera hori baieztatzea, osasun-sistemak iraun dezan".  Profesionalak "burubelarri lanean" ari direla nabarmendu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Gaurko albisteak Nafarroan Gaixotasunak argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Osasunari buruzko albisteak Euskal jatetxeak Tabernak gaur Koronabirusa olatu berria Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian?