Gizartea -

Egañaren suizidioaren urtemuga

Etxegabetzeen kontrako protesta egin dute Barakaldoko elkarte sozial eta sindikatuek

Elkarretaratzea egin duten eragileek emandako datuen arabera, azken zortzi urteetan 1.723 familia etxegabetu dituzte Bizkaiko hiri horretan.

Barakaldoko elkarte eta sindikatuek egindako protesta, deitzaileek bidalitako argazki batean.
Elkarteek Barakaldoko Justizia jauregiaren aurrean egin dute protesta.
Barakaldoko elkarte eta sindikatuek egindako protesta, deitzaileek bidalitako argazki batean.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabetuen Batzarrak, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak, Berri-Otxoak gizarte-bazterketaren aurkako plataformak eta ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT eta CNT sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Barakaldoko justizia jauregiaren aurrean, Amaia Egaña, 2012an bere etxetik kaleratzera zihoazen egunean bere buruaz beste egin zuen Barakaldoko bizilaguna gogoratzeko eta omentzeko, baita etxegabetzeak indarrean jarraitzen dutela salatzeko ere.

Elkarte sozial eta sindikal horiek dutenez, azken zortzi urteetan 1.723 familia haien etxetik kaleratu dituzte Barakaldon, eta, batez beste, lau familia barakaldarrek pairatzen dute egoera hori astero, % 83 alokatutako etxebizitza batetik.

Kolektiboek eta sindikatuek eskaera zehatza egin diote Barakaldoko Udalari: "Handitu dezala etxegabetze arriskua geldiarazteko, gizarte larrialdietarako dirulaguntzen aurrekontua". Izan ere, "dirulaguntza horien % 66 ohiko etxebizitza eskuratzeko eta mantentzeko erabiltzen dira". Horrez gain, "eskaerak egiteko epea urte osoan irekita mantentzea" ere eskatu diote, "legea arautukoa betez", azaroaren 5ean itxi baitzuten epe hori datorren urteko otsailera arte, gutxiz jota.

Era berean, alokairu sozialeko etxebizitzaren alde egin dezatela eta udal etxebizitzen parke bat berma dezatela etxegabetutako familiei berehala beste bizileku bat emateko ere eskatu diete tokian tokiko administrazioei.

"Eusko Jaurlaritzak, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2013an adostu eta 2019ko otsailean berritu zen etxegabetzeei buruzko protokoloaren aplikazioa ere eskatzen dugu, akordio horren arabera, gizarte zerbitzuek berehalako erantzuna ematera eta presazko izapideak egitera behartuta baitaude etxegabetzeen kaltetuen artean adigabeak daudenean", adierazi dute Amaia Egañaren omenaldiaren sustatzaileek.

Halaber, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenei edo NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordearen irizpenari men egitera deitu dute eragileok. Horien arabera, etxegabetutako familiei bizitoki aukera bat eskaini behar zaie, eta are gehiago adingabeak ardurapean dituztenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Barakaldo Eusko Jaurlaritza Gizarte zerbitzuak Kaleratzeak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak DSBE Manifestazioak