Gizartea -
Etxegabetzea
Indarkeria matxistaren biktima bat eta seme adingabeak etxegabetu dituzte Barakaldon
Argitan eta Berri Otxoak elkarteek salatu dute desjabetze honek agerian uzten duela Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak adostu zuten protokoloak baliorik ez duela.
Agentziak | Erredakzioa
Argitan Barakaldoko emakumearentzako aholku etxeak eta Berri Otxoak bazterketa sozialaren kontrako plataformak protesta egin dute gaur Barakaldon etxegabetu dituzten indarkeria matxistaren biktima izan den 41 emakume baten eta haren bi seme adingabeen (6 eta 15 urtekoak) kasua salatzeko. Elkarteon hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak eskatuta gauzatu dute etxegabetzea. Erakundeek ez diete inongo behin betiko konponbiderik eman, eta familia horretako hiru kideek ez dute argi zein izango den euren etorkizun hurbila".
Barakaldoko 1. zenbakiko Epaitegiak aginduta egin dute etxegabetzea, 09:15 aldera, La Felicidad kalean. Batzorde judizialak Ertzaintzak lagunduta sartu da eraikinera. Etxebizitzaren kanpoaldean dozena bat lagun bildu dira etxegabetzeen kontra protesta egiteko eta "etxebizitza duina" eskatzeko.
Argitan eta Berri-Otxoak salatu dutenez, "Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den Alokabide Alokairurako sozietate publikoak eskatuta egin dute etxegabetzea. 2018an 184 familia etxegabetu zituen sozietate horrek".
Elkarteon esanetan, "astero batez beste lau kanporatze egiten dituzte Barakaldon. Gaurko kasuan, etxegabetutakoa indarkeria matxistaren biktima da eta, hainbatetan konponbide bat eskatu duen arren, urtebete eta erdi eman du mehatxupean, eta erakundeek ez diote konponbide duin eta behin betikorik eman".
"Emakumea eta adingabeak estu eta larri ibili dira egoeragatik. Etorkizuna ere ez dute batere argi", ohartarazi dute.
"Ostatua nik topatu behar dudala esan didate"
Etxegabetzea udarako zegoen aurreikusita, baina hainbat aldiz atzeratu dute. Aurrez, "emakumea erakundeetako ordezkariekin biltzen saiatu da, baina gizarte zerbitzuek, Barakaldoko Udalak eta Alokabidek ez dute familia hartu nahi izan hilabeteotan", kritikatu dute Argitan eta Berri Otxoak elkarteek.
Horrez gain, Arartekoak aholkatuta, bi idatzi —bata 2018ko maiatzean eta bestea 2019ko azaroan— aurkeztu zituen Etxebiden, "erantzunik izan ez dutenak",salatu dute.
Etxegabetutako emakumeak bertaratutako kazetariei azaldu dienez, erakundeek ez diote "inongo konponbiderik" eskaini. Horren hitzetan, "Barakaldoko Udalak esan dit ostatua nik topatu behar dudala, gerora eurek kudeatuko dutela, baina aurkitzen dudan arte eta ostatu hori Barakaldoko Emakume Sailarekin kontaktuan jarri arte eta kudeatu arte, ez dut alternatibarik. Esan didate ez dutela besterik". Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, azkenean Udalak egindako proposamena onartu du emakumeak.
Argitan elkarteak adierazi du etxegabetze horrek agerian utzi duela "Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2013an adostu eta iaz berritutako etxegabetzeen kontrako ustezko protokoloa".
Ebazpen judizialak emakumearen bertsioa ukatzen du
Bestalde, Barakaldoko epaitegiak emandako ebazpenak dio kaltetutako emakumea eta Alokabide akordio batera hel zitezela ahalbidetzeko asmoz erabaki zutela 2019ko uztailean etxegabetzea 60 egunez atzeratzea.
Udalaren gizarte zerbitzuak egin zituen bitartekari lanak eta bi aldeak abuztuaren 9an bildu ziren. Ebazpenaren arabera, alokairuko etxebizitza sozial bat eskuratzeko aukera eskaini zioten, horretarako behar zuen dokumentazioa emanda.
Alabaina, emakumeak ez zuen eskaera azaroaren 18ra arte gauzatu eta ordurako 60 eguneko luzapena agortuta zegoenez, epaitegiak etxegabetzea otsailaren 26an gauzatzea erabaki zuen.