Gizartea -

Trafiko istripuak

36 pertsona hil dira aurten EAEko errepideetan

Trafiko Istripuen Biktimak Gogoratzeko Egunean, instituzioek errepideetan izan beharreko erantzukizuna gogorarazi dute, eta gidatzean drogen eta telefonoaren erabileraz ohartarazi dute.

Istripua Galdakaon (Bizkaia). Argazkia: Ertzaintza
Istripua Galdakaon (Bizkaia).
Istripua Galdakaon (Bizkaia). Argazkia: Ertzaintza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trafiko istripuek 36 hildako utzi dituzte aurtengo urtarrilaren 1etik azaroaren 12ra Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan: 16 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 5 Araban.

Segurtasun sailak aditzera eman ditu datuok Trafiko Istripuen Biktimak Gogoratzeko Egunean. Trafiko zuzendari Sonia Diaz de Corcuerak errepideak erabiltzen dituzten pertsona guztiek bideetako segurtasuna mantentzeko duten erantzukizuna gogorarazi du.

"Zero biktima helburuaren bidez kale eta errepideetako istripuen tasa murrizteko estrategia ezartzearen aldeko apustua egin du Diaz de Corcuerak. Hori da Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den 2021-2025erako Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren helburuetako bat.

Abenduaren 2an trafikoko urteroko jardunaldia egingo dute, Bide-segurtasuna Euskadin, 2030 Garapen Iraunkorrerako helburua izenburuarekin. Formatu birtuala izango dute, Iberdrola dorretik egina, eta 2020-30eko hamarkadarako bide-segurtasunaren eta mugikortasun seguru eta iraunkorraren arloko konpromisoak eta helburuak aztertuko dituzte.

Nafarroan, Trafikoko Bulego Nagusiak egunarekin bat egin du. Gainera, Adacen, Nafarroako Garuneko Erasanaren Elkarteak errepidean ardura izateren garrantzia gogorarazi die herritarrei, autoan, bizikletan zein motorrean.

Abenduaren hirugarren igandean egiten da beti egun hau. Aurten, baina, osasun egoeraren eraginez, ez da biktimak oroitzeko elkarretaratzerik egin Iruñean, ohi bezala.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak gogorarazi duenez, 2020ko leloak (Gogoratu, Lagundu, Ekin) biktimei eta inguruko pertsonei laguntzeko garrantzia azpimarratzen du, baina baita biktimen elkarteek prebentzioan, kontzientziazioan, harreran eta errepideetako indarkeriak kaltetutako pertsonen gizarteratzean egindako lana antzematearen garrantzia ere.

Modu berean, jardunaldi honetan trafiko agenteak, laguntza eta larrialdi zerbitzuetako langileak eta errepideak zaintzen eta mantentzen dituztenak ere gogoratzen dituzte.

Gizarte guztiak biktimei laguntza emateko, gizalegearen kontrako jarreren kontra borrokatzeko eta bideetako giza segurtasunaren aldeko lan egiteko duen konpromisoak ere azpimarratzen dute gaur.

Bestalde, Adacen elkarteak ohar batean gogorarazi duenez, laguntza eske etortzen zaie, "bereziki trafiko istripu batek kolpatutako jende gaztea, batzuetan substantziak hartzeagatik, telefono mugikorra erabiltzeagatik edo bizikletan edo motorrean kaskoa ez erabiltzeagatik. Horregatik, uste dugu batez ere gazteak kontzientziatu behar ditugu", Andres Ilundain gerenteak esan duenez.

Segurtasun uhala erabiltzearen, drogarik edo alkoholik ez hartzearen, arauak (batez ere, abiadura mugak) errespetatzearen eta zuhurtziaz gidatzearen garrantzia nabarmendu nahi dio Adacenek gizarteari.

Hartutako kalte zerebrala dutenen laurden bat buruan kolpea emateagatik dute, eta horien % 70k trafiko istripu baten ondorioz dute. Gero eta gazteago izan, portzentajea gero eta altuagoa da. Datu horrek, gainera, ez ditu bizikleta istripuak kontuan izaten.

Nafarroan 6.500 bat pertsona daude hartutako kalte zerebralarekin, eta 1.300 buruan kolpea jaso zuten, gehienek errepidean izandako istripu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errepideko istripuetan zauritutakoak