Gizartea -

A25

Jaurlaritza: "Adi dagoen gizarte batek bakarrik atzemango du indarkeria matxista"

Adierazpen instituzional batean ohartarazi duenez, pandemiak emakume batzuen zaurgarritasuna handitu du, euren erasotzailearekin konfinatuta edo ordu gehiago ematera behartuta baitaude.

Indarkeria matxistaren kontrako protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren kontrako protesta bat.
A25eko adierazpena onartu du Eusko Jaurlaritzak

1:16

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, koronabirusaren pandemiak are egoera zaurgarriagoan jarri ditu emakume batzuk, behartuta egon baitira beraien erasotzailearekin konfinatuta edo ordu gehiago egotera. Hori horrela, gizarteari adi egoteko eskatu dio Jaurlaritzak, indarkeria matxistaren adierazpen mota guztiak atzemateko, baita ezkutuen daudenak ere.

Jaurlaritzak adierazpen instituzionala kaleratu du astearte honetan bihar "Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna" dela eta. Idatzia gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan irakurri dute Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak, eta Jokin Bildarratzek eta Bingen Zupiriak, Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politikako buruak, hurrenez hurren.

Adierazpena irakurri baino lehen, Zupiriak "irmo gaitzetsi" du Donostian bart izandako eraso matxista. Emakume bat larri dago bikotekideak labanaz eraso ostean. Gizona atxilotuta dago.

Adierazpenean indarkeria sexistaren adierazpen guztiak errefusatu ditu Jaurlaritzak, eta horrekin batera, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz lanean jarraitzeko bere konpromisoa adierazi du, une honetan bereziki kontuan hartuta COVID19ak sortutako krisia eta haren ondorioak.

Emakumeak, zaurgarriago

Gogorarazi duenez, krisiaren hasieratik, Jaurlaritzarentzat lehentasuna izan da emakumeen aurkako indarkeria matxista kasuetarako arreta-zerbitzuak funtzionamenduan mantentzea eta errealitate berrira egokitzea, bai eta biktima guztiek zerbitzu horiek eskuratzeko aukera izatea, haien aniztasuna kontuan hartuta. Era berean, konpromisoa hartu du pandemiari eman beharreko erantzunean genero-ikuspegia modu integralean txertatzeko.

"Izan ere, osasunean, ekonomian eta gizartean oro har eragina duen krisi honek guztioi eragiten badigu ere, modu ezberdinean egiten du: eta horren adierazleetako bat da emakumeen aurkako indarkeria, pandemia-garaian emakume askoren zaurgarritasun maila handitu baitu, behartuta egon baitira beraien erasotzailearekin konfinatuta edo ordu gehiago egotera", azpimarratu du.

Halaber, Jaurlaritzak berretsi egin du erronka horri erantzun egokia emateko duen erantzukizuna etengabeko hobekuntzan duen konpromisoaren bitartez. Konpromiso hori modu ezberdinetan islatzen da, horren ustez: Berdintasunerako euskal legea aldatzeko onartutako proposamen berrian, lehen aldiz Jaurlaritzaren barruan Berdintasun Sail bat sortzeko hartutako erabakian, edota sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioaren eta aurrekontuen indartzean ere.

Azkenik, dei egin dio gizarte osoari emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko, indarkeria honen aurkako sinboloa den puntu lila erabiliz, edo egokitzat jotzen duten beste moduren batean, betiere osasun-egoera eta protokoloak kontuan hartuta.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak