Gizartea -

Indarkeria matxista

Pandemian jasandako indarkeria matxistaren txosten bat egingo du Eusko Jaurlaritzak

Biktimen sentsibilizazio-, prebentzio-, babes- eta arreta-zerbitzuak hobetzeko eta indartzeko ekintzetan aplikatuko dira txostenean ateratako ondorioak.

Emakume bat Indarkeria matxistaren aurkako protesta batean. Irudia: EFE
Emakume bat Indarkeria matxistaren aurkako protesta batean
Emakume bat Indarkeria matxistaren aurkako protesta batean. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren krisiak emakumeengan eta haurrengan izan duen eraginari eta indarkeria matxistak hartu dituen forma berriei buruzko txostena egingo du sei hilabeteko epean.

Hala eskatu dio Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak Jaurlaritzari, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk elkarrekin egindako zuzenketa baten bidez. PP+Cs alderdiak ere alde bozkatu du. Vox eskuin muturreko alderdiko legebiltzarkidea bakarrik agertu da kontra.

Isabel Gonzalez alderdi moreko legebiltzarkideak eskerrak eman dizkie alderdi guztiei, Voxi izan ezik, indarkeria matxistaren aurkako akordioa lortzeko egindako lanagatik.

Onartutako zuzenketan, indarkeria matxistak osasun-krisian izan dituen ondorioei buruzko txosten hori osatze aldera, haurren eskubideen alde eta tratu txarren biktimen arretan lan egiten duten erakundeekin elkarlanean egiteko eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. 

Ondorioak biktimen sentsibilizazio-, prebentzio-, babes- eta arreta-zerbitzuak hobetzeko eta indartzeko ekintzetan aplikatuko dira, eta mugikortasun-murrizketen testuingurura eta etxean konfinatuta egon daitezkeen egoeretara egokituko dira.

Halaber, Legebiltzarrak udalei eta erakundeei beren berdintasun-planetarako eta genero-indarkeriaren arloko protokoloetarako dirulaguntzak emateko eta arlo horretan lan egiten duten elkarteei laguntzeko funts publikoak mantentzea edo handitzea berma dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, gainerako administrazioekin koordinatuta.

Halaber, emakumeek beren babes- eta laguntza-sareak osatzeko beharrezkoak diren espazioetarako sarbidea izaten jarrai dezaten eta gazteen artean eta hezkuntza-esparruan indarkeria sexista prebenitzeko programek jarrai dezaten eskatu du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa