Gizartea -

25A

Indarkeria matxistaren 4 biktima nerabetik batek bikotekidearen erasoak jasaten ditu

Save the Childrenek nabarmendu du nerabeen arteko indarkeria matxista dela gehien hazi denetako bat. Bikotekideengandik eraso psikologiko handiena pairatzen duten taldeetako bat neskek osatzen dute.

Genero indarkeria. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Genero indarkeria.
Genero indarkeria. EITBren bideo batetik ateratako irudia

EUTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Save the Childrenek gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan indarkeria matxistaren 14 eta 17 urte arteko lau biktimatik batek bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoa jasan zuela 2019an, Eustaten datuen arabera.

Erakundeak nabarmendu duenez, bikotekideengandik jazarpen psikologiko handiena pairatzen duen adin-taldeetako bat emakume gazteek osatzen dute. Indarkeria mota hori honako jarreretan oinarritzen da: lagunak ikustea debekatzea, familiarekin edo hirugarrenekin harremana izatea saihestea, unean-unean non dagoen jakin nahi izatea, desleialtasunaren funtsik gabeko susmoak izatea, bikotekideak zentro edo ekitaldiren batera joateko baimena eskatzea nahi izatea…

Baina datu horiek ez dutela pandemiaren eragina kontuan hartzen ohartarazi du Save the Childrenek. Azaldu duenez, kontrolatzeko indarkeria psikologikoa eta nerabeen arteko genero-indarkeria areagotu egin dira konfinamenduan.

Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren azken Estatistikako datuen arabera, nerabeen arteko indarkeria matxista da Estatuan gehien hazi denetako bat: 2018an 18 urtetik beherako 677 biktima izatetik 2019an 719 izatera igaro da.

Halaber, erakundeak azpimarratu du biktima adingabe bat duten delitu zibernetikoen inguruan aurkeztutako 3.243 salaketen erdiak baino gehiagok neska bat zutela biktima nagusi. Delitu horien artean, mehatxuak, hertsapenak eta sexu-delituak nabarmendu dira bereziki.

Save the Children erakundeko Sentsibilizazio eta Haurren Politiken zuzendari Catalina Perazzok aldarrikatu duenez, oso garrantzitsua da Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Osorik Babesteko Lege Organikoa premiaz izapidetzen jarraitzea, "haurrak eta nerabeak indarkeria mota guztietatik babestu nahi baditugu, indarkeria matxistatik barne".

Save the Children kezkatuta agertu da alarma-egoeran zehar 016ra egindako deiak eta Berdintasun Ministerioaren webgunean online kontsultak ugaritu izanagatik, horrek etxe barruan emakumeen eta haurren aurkako indarkeria areagotu egin dela esan nahi duelako.

Nabarmendu duenez, 2013ko urtarriletik, 37 adingabe hil dituzte genero-indarkeria kasuetan, eta 301 umezurtz geratu dira. Perazzoren hitzetan, "emakumeen aurkako indarkeriak ondorio larriak ditu seme-alaben garapenean eta ongizatean, eta horiek ere indarkeria horren biktima dira: eraso berberen eraginpean egoteaz gain, depresio sintomak, loaren nahasmenduak edo eskolan arazoak izan ditzakete".

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa Erailketak Gazteak