Gizartea -

Koronabirusa

Datorren astean erabakiko dute noiz hasiko den covid-19aren aurkako txertaketa EAEn

Zantzu guztien arabera, abenduaren 27an edo 28an izan daiteke, baina oraindik ez zaio Jaurlaritzari ofizialki jakinarazi txertoa noiz iritsiko den ezta zenbat dosi izango diren ere, zehatz mehatz.

Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak oraindik ez du data ofizialik covid-19aren txertaketa-kanpaina hasteko, ez baitago txertoak jasoko diren data zehatzaren eta eskuragarri izango diren dosi kopuruaren jakinarazpen ofizialik. Zantzu guztien arabera, abenduaren 27an edo 28an izan daiteke, baina erabakia datorren astean hartuko du Eusko Jaurlaritzak, informazio guztia ofizialki eskuratu ondoren.

Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan bertan adierazi du EAEk koronabirusaren aurkako txertoaren 20.000 dosi jasotzea aurreikusten duela lehen fasean, eta covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina "prozesu luzea" izango dela, 2021. urteko udazkenera artekoa. Lehendakariaren hitzetan, pixkanaka egingo da eta "progresiboa eta mailakatua" izango da.

Osasun Saila, Segurtasun Saila zein Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila elkarlanean ari dira EAEko txertaketa kanpaina diseinatzen.

Koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina abenduaren 27an hasiko da Europar Batasunean. Okerrik ezean, Europako Botiken Agentziak datorren astelehenean, abenduak 21, emango dio argi berdea Pfizer-Biontechen txertoari, eta, horrela bada, txertaketa hilaren 27an hasiko da Estatukide guztietan.

Gauzak horrela, Espainiako Estatura abenduaren 26an iritsiko lirateke lehen dosiak eta abenduaren 27an, igandea, hasiko litzateke covid-19aren aurkako txertaketa.

Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak prentsaurrekoa eman zuen atzo, ostirala, eta xehetasun handietan sartu gabe, txertoa erkidego guztietara iritsiko dela ziurtatu zuen. "Banaketa nola eta noiz" egin zehazteko, "Europarekin koordinatuta" ari direla lanean gaineratu zuen eta osasun zentroetako nahiz adinekoen egoitzetako langileek eta egoiliarrek jasoko dituztela lehendabiziko txertoak.

Espainiak zenbat dosi jasoko dituen ez zuen zehaztu Illak, baina "nahi baino gutxiago" izango direla aurreratu zuen. Ildo horretan, txertaketa "mailakatua" izango dela azaldu zuen, eta, horrenbestez, "pandemiaren amaieraren hasieran" gaudela, eta ez "pandemiaren amaieran".

Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina abenduaren 27an bertan hastea aurreikusten du. Gobernuak adierazi duenez, Pfizerren txertoaren 26.000 dosi ditu hitzemanda dagoeneko, eta horri esker, lehentasunezko bi taldetako 13.000 pertsona txertatuko dituzte: egoitza soziosanitarioetako egoiliarrak eta bertako langileak, 7.600 eta 5.300 pertsona gutxi gorabehera, hurrenez hurren.

Dosi gehiago iritsi ahala, sektore zaurgarrienetatik hasi eta beste guztietara ere iristea espero dute.

Biltegiak

Txertoen biltegiratzeari dagokionez, txertoaren eta haren ezaugarrien arabera hartuko dira erabakiak. Eusko Jaurlaritzak denbora darama jaso daitezkeen txertoen ezaugarrien eta kopuruaren arabera, biltegiratzeko aukera desberdinak lantzen.

Hernaniko Bexen Medical enpresa da, adibidez, Pfizer- Biontech txertoak behar dituen biltegiratze eta kontserbazio-premietara gehien egokitzen dena.

Susana Otegi Bexen Medicaleko Garapen eta Promozio Saileko arduradunak duela aste batzuk azaldu zuenez, euren laborategietan dituzten ultraizozkailuak zeropetik 70 gradura heldu daitezke, eta, ondorioz, txertoak baldintza egokietan gordetzeko gaitasuna dute.

Konpainiak muturreko tenperatura baxuetan gorde behar diren lagin biologikoak gorde, kudeatu eta banatzen ditu.

"Daukagun ekipo bakoitzak txertoaren 300.000 dosi gorde ahal ditu. Bidean ditugun eta urtarrilerako helduko zaizkigun beste gailu batzuei esker, guztira 10 milioi dosi gorde genitzake Euskadin", azaldu zuen Otegik. Madrilen eta Santiago de Compostelan dituzten beste biltegiak kontuan hartuta, denera, 30 milioi dosi bil ditzaketela gaineratu zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuen albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizaintza albisteak Sendagaiak albisteak Txertoak egutegia Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea albisteak Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Osasun zentroak gaur