Gizartea -
LARRIALDI KLIMATIKOA
Trumpen agurra eta Txina, larrialdi klimatikoaren aurkako borrokaren itxaropena
Adituen ustez, AEBko ingurumena ez dago egoera txarrean, indarrean dauden Obamaren politikei esker. Bestetik, Txinarekin batera Japoniak eta Koreak ere 2050erako ezarri dute zero isurpenen helburua.
Elhuyar | EITB Media
Bi albistek piztu dute itxaropena larrialdi klimatikoaren borrokan 2021. urtearen hasiera honetan. Alde batetik, Estatu Batuetako politikak aldatuko direla, eta, bestetik, Asiako herrialde handiek (Txinak, besteak beste) isurpenak murriztuko dituztela agindu dutela.
Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak itxaropen zuhurra sortu du ingurumen politika berriak jarriko dituelako martxan, eta azken lau urteetakoen kontrakoak izango direlako. Donald Trump presidenteak hauteskunde aurreko debateetan esanda, Estatu Batuetako ingurumenaren egoera ona da. "Airerik garbiena dugu, urik garbiena ere bai, eta baita CO2ren isurpenen maila onenak ere". Adituek diote esandakoak bat datozela errealitatearekin, neurri handi batean, baina ez dela Trumpen politiken ondorio bat. "Obamaren agintaldiko lege asko daude oraindik indarrean", esan du Dirk-Jan Van de Ven BC3 zentroko ekonomialari eta ingurumeneko ikertzaileak. "Trump haiek kentzen edo ahultzen saiatu da, eta, kasu batzuetan, hala egin du, baina beste batzuetan ezin izan du", gehitu du.
Dirk-Jan Van de Ven BC3ko ekonomialaria. Argazkia: Elhuyar
Nahiz eta 2015ean Estatu Batuek Parisko akordioa berretsi zuten, Trump presidenteak bertan behera utzi zuen herrialdearen parte hartzea. "Ez ditut hamarka mila lanpostu sakrifikatuko Parisko akordioaren alde egiteagatik", esan zuen, energiaren politika berriek eskatzen duten aldaketari uko eginez. Van de Ven ez dago ados harekin: "Askotan frogatu da energia berriztagarrietarako aldaketak sortzen dituen lanpostuen kopurua suntsitzen dituen lanpostuen kopurua baino handiagoa dela".
Biden Etxe Zurian sartzea albiste ona da, diru asko inbertituko baitu ingurumen politiketan. "Larrialdi klimatikoaren aurkako politika horiek sendotu nahi ditu, Estatu Batuetan berezkoak eta iraunkorrak izan daitezen", esan du Alexander Boto IHOBE Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Erakunde Publikoaren zuzendari nagusiak.
Asiako erraldoiak ere 2050era begira
Beste alde batetik, Asiako herrialde handiek ere iragarri dute larrialdi klimatikoaren kontrako apustua egingo dutela. Txinak, Japoniak eta Koreak iragarri dute zero isurpenen helburua ezarri dutela 2050erako. Alde horretatik, azaroan Glasgown egingo duten goi-bilera da herrialde guztientzat hurrengo hitzordua. Han aztertuko dute zer egin duen herrialde bakoitzak eta zer helburu izango dituen aurretik.
"Kalkuluen arabera, larrialdi klimatikoaren kontrako jardueren % 80 munduko eskualde txikiek gauzatzen dituzte. Eta Euskadiren lana aitortu egin dute, apustu handiena egin duten 18 eskualdeen artean dagoelako", esan du Botok. "Euskadik ere dauka zero isurpeneko helburua 2050erako. Asmo handiko helburua da, Glasgown aurkeztu nahi duguna", gaineratu du.
Alexander Boto IHOBEko zuzendari nagusia. Argazkia: Elhuyar