Gizartea -

Koronabirusa

Txertaketa protokoloa aldatu dute, dosien erabilera desegokiak polemika sortu ondoren

Orain sindikatuetako ordezkariak zerrendaren azkenean jarri dituzte, eta gaixotasuna gainditu duten profesionalen txertaketa atzeratu dute.

Moderna txertoaren dosi bat. Artxibokko argazkia: EFE
Moderna txertoaren dosi bat. Artxibokko argazkia: EFE
Moderna txertoaren dosi bat. Artxibokko argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun zentroetan dosien erabilera desegokia saihesteko txertaketa kanpainaren protokoloa aldatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Horrela, sindikatuetako ordezkariak zerrendaren azkenean jarri dituzte, eta gaixotasuna gainditu duten profesionalen txertaketa atzeratu dute.

Urtarrilaren 27an aldatutako protokolo berria gaur eman dute argitara. Santa Marinako eta Basurtuko ospitaleetan izandako irregulartasunen ostean, eman dute jakitera. Bi ospitale horietako zuzendariak kargutik kendu edo dimisioa eman zuten. Santa Marinan langile guztiei txertoa eman zieten, sindikatuetako ordezkariak, erlijiosoak, eta kafetegiko, vending enpresa bateko eta posta konpainia bateko beharginak tartean.

Santa Marinako ospitalean, CCOOk bere ordezkaria kargutik kendu zuen. ELAk eta UGTk, ostera, euren ordezkariek dosia hartu izana defendatu zuten.

Kasu horiek errepikatzea saihesteko, sindikatuetako ordezkariak “lehentasun zerrendaren azkenean” izango dira aurrerantzean, baita pazienteak artatzen ez dituzten profesional guztiak ere, protokoloaren arabera.

Bestalde, duela gutxi covid-19 gaixotasuna gainditu duten Osakidetzako langileen txertaketa gutxienez 6 hilabete atzeratzea gomendatu dute, batez ere 55 urtez azpikoen eta arrisku baldintzarik ez dutenen kasuan.

Osakidetzak azaldu duenez, “egungo dosi eskuragarritasunaren” ondorio da erabaki hori, eta kutsatu ostean gehienetan immunitatea lortzen dela “bistakoa” delako.

“Printzipioz, covid-19aren aurkako txertoa eritasuna gainditu edo sendatu direnei emateko kontraindikaziorik ez dago”, Sailak zehaztu duenez. Hala ere, txertaketa atzeratzea beharrezkoa dela uste du.

Osasun zentro batean dosiak soberan daudenean, une horretan arretako lehen lerroan lanean ari direnei emango dizkiete: “berehalako eskuragarritasuna eta boluntarioak daudenean”.

Aldi baterako lanerako ezintasuna, eszedentzia edo beste jarduera etenen bat duten langileei ez zaie txertoa eskainiko. Lanera itzultzen direnean txertoa jarriko diete, gainerako beharginekin jarraitutako ordena errespetatuz.

Erizaintza eta medikuntza ikasleei dagokionez, praktikak egiten ari diren zentroetako lankideekin batera deituko diete.

Txertaketan orain arte atzemandako irregulartasunek polemika eragin dute. Horrela, besteak beste, Debabarrenako ESIko bi zuzendarik dimisioa eman dute, eta Eusko Legebiltzarreko oposizioak Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak