Gizartea -
Koronabirusa
855 positibo EAEn, asteko kopuru baxuena
Atzo 157 pertsona zeuden covid-19arekin ospitaleratuta EAEko ZIUetan, apiriletik gaur arteko kopururik handiena. Gainera, lau egoiliar hil dira Bizkaiko egoitzetan eta bat Gipuzkoan.
EITB Media
Covid-19a atzemateko 12.051 proba diagnostiko egin ziren atzo, larunbata, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 855 positiboak izan ziren. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, positibitate tasa %7,1ekoa izan zen.
Lurraldeka, 119 kasu atzeman ziren Araban, 456 Bizkaian, 264 Gipuzkoan eta 16 beste erkidego batzuetan bizi diren pertsonengan.
1.001 eta 1.264 kutsatu artean diagnostikatu dira aste honetan, egunero. Beraz, asteko kopuru txikiena da atzokoa, baina kontuan izan behar da proba gutxiago ere egin zirela, asteburuetan ohikoa denez.
Erreferentzia gisa, aurreko astean (urtarrilak 24) 880 kasu atzeman ziren eta aurrekoan (urtarrilak 17) 676.
Eusko Jaurlaritzak ez ditu astelehenera arte eguneratuko udalerrietako kasuei buruzko informazioa eta R0 indizea.
Apirilean adina jende ZIUetan
74 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo covid-19arekin EAEko ospitaleetan eta 157 pertsona zeuden zaintza intentsiboetako unitateetan covid-19arekin.
Bigarren olatuko ZIUko okupazio daturik txarrena azaroaren 15ekoa zen, zaintza intentsiboetan 146 pertsona zeudenean. 2020ko apirilera jo behar da atzokoa bezalako kopuru bat topatzeko.
Lau erabiltzaile hil dira Bizkaiko egoitzetan eta beste bat Gipuzkoan
Gainera, Bizkaiko adinekoen egoitzetako lau erabiltzaile hil dira azken orduetan covid-19arekin. Bigarren olatua hasi zenetik orain arte, 189 pertsona hil dira jada, eta une honetan, 218 egoiliar daude kutsatuta. Bestalde, egoitzetako 198 langilek positibo eman dute, eta isolamenduan daude beste 72, baieztapenik gabe.
Gipuzkoako egoitzei dagokienez, pertsona bat hil da covid-19arekin azken orduetan (152 bigarren olatua hasi zenetik).
Foru erakundeak jakitera eman duenez, Aldundiak DYA Gipuzkoarekin batera egiten dituen PCR probek ez dute positibo berririk atzeman egoitzetan, baina 56 kasu daude aktibo oraindik.
185 kasu Nafarroan
Bestalde, 185 covid-19 kasu berri atzeman ziren atzo, larunbata, Nafarroan, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Positibotasun tasa, aldiz, %5,6tik %6,5era igo da azken 24 orduotan, Foru Gobernuak zabaldutako behin-behineko datuen arabera.