Gizartea -
Genero indarkeria
Azken hilketa matxista gaitzetsi dute ehunka pertsonak Sestaon
Atzo, gizon batek bere emaztea hil zuen Bizkaiko herrian. Gainera, beste elkarretaratze batean Barakaldon izandako azken orduetan izandako sexu abusuak salatu dituzte.
Mikel Dominguez | EITB Media
Ezkerraldean izandako azken genero indarkeria kasuak salatu dituzte Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia). Ostiralean, gizon batek bere emaztea hil zuen Sestaon, eta gero bere buruaz beste egin zuen. Gainera, Barakaldon beste gizon atxilotu zuten emakume bati sexu abusuak egiteagatik, eta azken 24 orduetan beste eraso matxista bat izan zela ere salatu zuten.
Sestaoko Udalak deitutako elkarretaratzean, ehunka pertsonak hildako emakumearen familiari babesa adierazi diote eta hilketa matxista gaitzetsi dute. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.
Landaidak "gogor" gaitzetsi du hilketa, eta familiari "doluminak eta babesa" helarazi ondoren, indarkeria matxistaren "egiturazko arazoari" aurre egiteko gizartea "osatzen dugunon jarrera aktiboa" ezinbestekoa dela azpimarratu du. "Horrelakoek erakusten digute oraindik asko dagoela egiteko", esan du.
Landaidak mezu bat bidali die genero indarkeriaren biktimak diren emakumeei, horiei arreta emateko dauden baliabide publikoak gogoratuz: "Zuen egoera hurbil dituzuen horiei kontatu eta profesionalen esku jarri denon artean irtenbide bat bilatzeko".
Artolazabalek, bestalde, "Eusko Jaurlaritzaren maitasuna eta babesa" adierazi dizkie "biktimaren senide eta gertukoei", eta gogorarazi du kasua "indarkeria matxistaren beste kolpe berri bat" dela, "bere aurpegirik krudelenarekin". "Herritarrei adi jarraitzeko eskatzen diet. Guztion indarkeria kasuak atzeman ditzakegu, eta erakundeak emakume hauei laguntzeko erremintak ditugu", esan du.
"Hurrengo hilabeteetan Legebiltzarrak Berdintasun lege berri bat onartuko du, eta indarkeria matxistaren kontrako erreminta berriak hartuko dira, emakumeen hiletak gure gizartean egiturazkoa den berdintasun ezaren adierazpen krudelena direla jakinda".
Azkenik, genero indarkeriaren kontrako borrokan oraindik "bide luzea geratzen zaigula" ohartarazi du.
Itxasok "hilketa matxista deitoragarria" gaitzetsi eta Sestaoko herriaren erantzuna nabarmendu du. "Ozen esaten dugu ez dugula nahi matxismo biolentoaren pozoia gure gizartean zabaltzea", esan du.
Gorka Alvarez Sestaoko Udalaren bozeramaileak esan duenez, "Sestaoko Udalak ardura dauka kasu honetan, eta jarraitu behar dugu berdintasun politikak eta politika sozialak garatzen eta lantzen gure egunerokotasunean".
Emari mugimendu feministak beste protesta bat deitu du 18:00etan herriko Kasko plazan.
Barakaldon, Argitan mugimenduak deitutako elkarretaratzean, Erasorik ez erantzunik gabe lelopean, Sestaoko hilketa matxista eta Barakaldon azken 24 orduetan gertatutako bi sexu abusuen kasu salatu dituzte.
Mugimendu feministak ohartarazi du ez diotela utziko kalean protestatzeari, "salaketa publikoak egitea ezinbestekoa delako", eta "indarkeria matxistaren kontra egiteko baliabide gehiago" eskatu ditu.
Elkarretaratzea Barakaldon. EITB Mediaren bideo bateko irudia