Gizartea -

koronabirusa

Osasun Ministerioak 45-55 urtekoak sartu ditu txertaketa egitasmoan

Adin tarte horietako pertsonei AstraZenecaren seruma emango diete.

Osasun langile bat txertoaren bial batekin. Argazkia: EFE
Osasun langile bat txertoaren bial batekin.
Osasun langile bat txertoaren bial batekin. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak covid-19aren aurkako txertaketa estrategian lehentasunezko lau talde berri erantsi ditu gaur. Honakoak dira: 70 eta 79 urte bitartekoak, 60-69koak, eta 60 urtetik beherako arrisku handiko gaixoak. Horiei guztiak Pfizer eta Moderna farmazia-etxeen serumarekin babestuko dituzte. Laugarren talde bat ere badago: 45 eta 55 urte bitartekoak. Azken horiei AstraZenecaren txertoa emango diete.

Osasun Publikoaren Batzordea gaur bildu da, eta EFEri azaldu diotenez, laster zehaztuko dituzte gaixo kronikoen inguruko irizpideak. Txertoen Erregistro eta Programen lantaldeari dagokio erabakia.

Otsailaren 9an eguneratu zuen Ministerioak azkenengoz txertaketa estrategia. Orduan zehaztu zituen orain arteko lehentasunezko taldeak: adinekoen zentroetako langile eta erabiltzaileak, lehen lerroko osasun langileak eta langile soziosanitarioak, beste osasun langileak, menpekotasun handia dutenak eta 80 urtetik gorakoak.

Batzordeak gaur ebatzi duenez, lehen hiru taldeetako pertsonak (70-79 urtekoak, 60-69 urtekoak eta 60 urtetik beherako arrisku handikoak) Pfizer eta Moderna enpresen serumarekin txertatuko dituzte. 45-55 urtekoek, berriz, AstraZenecarena jasoko dute. Gaur-gaurkoz, 55 urtetik beherako ezinbesteko langileei ematen diete.

Ordena zehaztu badute ere, ikuskizun dago noiz jasoko duten taldeok txertoa. Izan ere, prestakin kopuruak eta txertaketa erritmoak baldintzatuko du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea