Gizartea -

Koronabirusa

Eguneko zentroetako langileen txertaketa ostiralean hasiko da EAEn

"Jarraian" udaltzainen eta etxeko laguntza zerbitzuko beharginen txanda izango da.

Koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina. Argazkia: EFE
Pertsona bat txertoa jasotzen.
Koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko eguneko zentroetako langileen txertaketa ostiralean hasiko da, AstraZenecaren covid-19aren aurkako lehen dosiarekin, eta "jarraian" txertatuko dituzte udaltzainak eta etxeko laguntza zerbitzuetako beharginak, eksumena duten erakundeekin egutegia adostu ostean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarreko batzordean pandemiaren eboluzioaren berri emateko, eta iragarri du datorren astean espero zuten Modernaren dosien erdiak jasoko dituztela, 810 hain zuzen ere, baina horrek ez duela immunizazioa arriskuan jarriko, bigarren dosiaren "stock estrategikoari" esker.

EAEn dauden, eta erresidentzietan bizi ez diren, 80 urtetik gorako 162.000 pertsonen txertaketari dagokionez, Sagarduik jakinarazi du datorren astean 100 urtetik gorakoekin hasiko direla, eta ondoren 95etik gorakoekin jarraituko dutela, errenkadan.

Sagarduik esan du aldaera britainiarrarenak direla positiboen % 20, eta horregatik eguneratu egingo dutela sekuentziazio protokoloa laborategietan, aldaera hori kutsakorragoa den ala ez egiaztatzeko.

Azpimarratu du AstraZenecaren 4.500 dosiak jasotzen hasi direla 55 urtetik beherako ertzainak, eta ertzain guztien % 60 dela hori. Datozen egunetan erabakiko dute eguneko zentroetako eta etxeko laguntza zerbitzuetako langileen eta udaltzainen txertaketarako egutegia.

Adineko pertsonentzako eguneko zentroetako langileak izango dira lehen dosia jasotzen lehenak, eta ostiralean hasi nahi dute prozesua.

Osakidetzako lehen lerroko osasun langileen txertaketa ez dutela amaitu aitortu du, baina azaldu du Pfizerren eta Modernaren nahikoa txerto ez dituztelako jaso izan dela. Osakidetzako langileen % 45 txertatu dute, eta dagoeneko hasi dira sare pribatuko osasun langileak txertatzen.

Ez du datarik "aurreikusi" nahi izan txertaketa erritmoaren inguruan, Osasun Sailaren "kontroletik erabat kanpo dauden kontuengatik baldintzatuta" dagoelako. Horregatik, gaineratu du ez dela "gaitasun kontua, baizik eskuragarritasunarena".

EAEko txertaketan eta gainerako erkidegoetan "erritmo desberdinak" dituztela, baina kolektiboen lehentasuna Osasun Publikoaren Batzordean zehaztutakoa dela azaldu du.

Oposizioko alderdiek kritikak egin dizkiote txertaketa prozesuari. Rebeka Uberak (EH Bildu) esan du Gurutzetako Ospitalean lehenago txertatzen ari direla idazkaritzako langileak gaixoak zuzenean artatzen dituzten osasun profesionalak baino.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUkoak ez du zalantzan jarri dosiak gordetzeko estrategia, baina bai egutegia, zeren anbulantzietako langileak ez dituzte txertatu, nahiz eta "lehen lehen lerroan egon".

Laura Garridok (PP) uste du txertaketa modu "kaotikoan" egiten ari direla, "oso erritmo motelean", egitasmo zehatzik gabe eta kolektiboak lehenesterakoan "desordenarekin".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak