Publizitatea
Itxi

2021/02/26

15:06

Gizartea

ENERGIA

"Hidrogeno berdeak" garraio astunen sektorea "deskarbonizatzen" lagunduko du

EITB MEDIA | ELHUYAR

Adituen ustez, energia berriztagarrien bidez ekoitzitako hidrogenoa etorkizunean baterien osagarri egokia izango da.

1:43
Hidrogenoz funtzionatzen duen autoa
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Energiaren sektoreak itxaropenez begiratzen dio hidrogenoari, energia berriztagarrien osagarri izateko. Tradizionalki, hidrogenoa erregai fosiletatik sortzen da (beraz, CO2 asko isurtzen du ekoizpen-prozesuak), baina iturri berriztagarrien bidez lortutako elektrizitatea urari aplikatuta ere sor daiteke, elektrolisi prozesuaren bidez; hortik dator "hidrogeno berdea" terminoa. "Ekonomiaren sektore batzuk deskarbonizatzeko balioko du, beste alternatiba batzuekin, bateriekin, esaterako, deskarbonizatzea oso zaila izango baita; garraio astuna, adibidez", esan du Nuria Gisbertek, CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak.

Energia berriztagarrien bidez lortutako elektrizitatea metatzeko ohiko modua bateriak dira. "Bateriak eta hidrogenoa ez dira irtenbide baztertzaileak, osagarriak izango dira beti", Gisberten hitzetan, eta honakoa gaineratu du: "Oro har, aplikazio guztiei ezin zaie soluzio teknologiko bera eman; beraz, bateriak eta hidrogenoa eskutik hartuta joango dira aplikazio desberdinetarako".

Hidrogenozko erregai pila bat CIDETEC ikerketa-zentroan (Donostia). Argazkia: Elhuyar

Hidrogenozko botila bat, CIDETEC ikerketa-zentroan (Donostia). Argazkia: Elhuyar

Hidrogenoaren abantaila nagusia energia epe luzera metatzeko aukera da. "Izan ere, hidrogenoa ez da erregai bat", Iker Alecha CIDETEC ikerketa-zentroko ikertzailearen esanetan, "energia-bektore bat da, eta horrek esan nahi du ekoizten den unean biltegira daitekeela, eta, gero, aplikazioaren arabera, ahal den unean atera eta erabil daitekeela".

Baina denak ez dira abantailak. "Puntu ahul gisa, esango nuke hidrogenoa banatzeko sarea gaur egun ez dagoela ezarrita edo zabalduta, kostu handia duelako eta teknologia hasiberria delako", esan du Alechak.

Iker Alecha, CIDETEC ikerketa-zentroko ikertzailea (Donostia). Argazkia: Elhuyar

Ahulezia horren adibide bat da auto elektrikoen sektoreak ibilgailu elektrikoaren aldeko apustu garbia egin duela. "Azkenean, lortuko dituzten merkatu-kuoten arabera hartuko dituzte erabakiak. Egia da saldutako hidrogeno-autoak 10.000-12.000 unitate inguru izan zirela iaz. Eta egia da salmenten balio absolutuak bikoiztu egin direla urtetik urtera, baina, konparazioa egiteko, auto elektrikoaren milioika unitate saldu dira", gaineratu du Gisbertek. Gainera, horren esanetan, marka batzuek bakarrik egin dute hidrogenoaren aldeko apustu argia.

Nuria Gisbert, CIC energiGUNEko zuzendari nagusia (Miñao, Araba). Argazkia: Elhuyar

Auto elektrikoa, kalean kargatzen. Argazkia: Europako Batzordea

Hidrogeno berdeak itxaropen handia ekarri du, baina, gaur egun, epe luzerako apustua da. 

Aste honetan bertan aurkeztu dute Hidrogenoaren Euskal Korridorea. 78 erakunde publiko eta pribatu batu dira alor horretan aurrera egiteko sortu duten proiektu horretara.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena