Gizartea -

Koronabirusa

Mugikortasuna librea izango da EAE barruan asteartetik aurrera

Herrien konfinamendu perimetrala bertan behera uztea erabaki du LABIk, eta, horrenbestez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan mugitzea baimenduta egongo da. Gainerako neurriek indarrean jarraituko dute.

Jendea kalean. Argazkia: Efe
Jendea kalean. Argazkia: Efe
Mugikortasuna librea izango da EAE barruan asteartetik aurrera

1:09

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren asteartetik aurrera mugikortasuna librea izango da EAE barruan, hau da, amaitu egingo da udal konfinamendu perimetrala. Hori bai, gainerako prebentzio neurri nagusiek indarrean jarraituko dute.

Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, azken asteotako "bilakaera positiboa nabarmena" da, baina "beheranzko joera moteldu" egin da eta ZIUen okupazioak "altua izaten jarraitzen du". Horregatik, "zalantzak" aitortu ditu etorkizun hurbileko neurriei begira, batez ere lau faktore hauengatik: aldaera berrien arriskua (gaur egun, erdiak britainiarrak dira, eta 2 kasu atzeman dira hegoafrikarrarenak eta 1 brasildarrarena), beheranzko joeraren mantsotzea, inguruko herrialdeetako gorakada eta deseskalatzea goizegi egitearen eragin negatiboa.

Hori kontuan izanda, lehendakariak iragarri du EAE barruko mugikortasuna baimenduko dela, baina bestelako neurri nagusi guztiei eutsiko zaiela. Hala, etxeratzeko aginduak bere horretan jarraituko du (22:00etatik 06:00etara), merkataritza eta kultura jarduerak 21:00etarako amaitu beharko dira, eta edukiera eta gehienez 4 pertsona elkartzeko mugek bere horretan jarraituko dute.

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartuko du, eta astelehenean argitaratuko da, asteartean indarrean sartzeko. Dekretu horretan agertuko dira neurri guztiak, moldaketa berri guztiekin. 

Dena den, LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakari buru, indarrean dauden gainerako neurriak luzatzea erabaki du, EAEk egoera epidemiologiko egonkorragoa eta ziurtasun handiagoa izan arte.

Lehendakariak azaldu duenez, "oraindik ez da deseskaladarako unea; orain kontu handiz ibiltzeko unea da"; izan ere, "une kritikoan gaude, eta datozen asteotako bilakaera erabakigarria izango da".

Berrikuntzen artean, ezabatu egingo da 500etik gorako intzidentzia-tasa metatuaren erreferentzia udalerriko murrizketak zehazteko. Gogorarazi behar da gaur egun hiru udalerri besterik ez direla hortik gora dauden 5.000 biztanletik gorako udalerriak.

Gorago aipatutako neurriez gain, berdin jarraituko du % 40ko edukiera mugak 150 metro koadrotik gorako merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa izaten jarraituko du 150 metro koadrorainoko azalera dutenetan. Edukierak murriztuta daude, halaber, kultura eta gizarte ekitaldi guztietan, eta kultu zentroetan (% 35).

Gainera, musika eta ahots entseguak eta emanaldi ez profesionalak bertan behera egongo dira.

Martxoak 8

Lehendakariak aitortu du udal konfinamendu perimetrala asteartean altxatzeko arrazoi handietako bat izan dela martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, jende pilaketak saihestea, eta "zuhurtzia eta ardura" eskatu du udalerri mailan egingo diren mobilizazioetarako.

Izan ere, Eusko Jaurlaritza "kezkatuta" omen dago martxoaren 8ko elkarretaratzeetan koronabirusaren aurkako neurriak urratuko ote diren, pertsonen arteko distantzia "zainduko ez" ote den.

Hala ere, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak 118 mobilizaziotarako baimen eskaerak jaso dituela, eta ez dagokiela haiei "oinarrizko eskubide" bat galaraztea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea gaur LABI