Publizitatea
Itxi

2021/03/20

16:55

Gizartea

KORONABIRUSA

Covidaren aurkako neurriak gogorarazteko kanpaina egingo dute EAEko ostalaritzan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritza-elkarte profesionalek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jarraipena emango diote pasa den udan hasitako kanpainari.

  • Getxoko taberna baten terraza.

    Getxoko taberna baten terraza. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritza-elkarte profesionalek koronabirusaren pandemiari aurre egiteko higiene- eta osasun-neurriak "behar bezala betetzeko" sentsibilizazio-kanpaina abiarazi dute, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin lankidetzan.

Kanpaina iazko udan egindako ekintza baten jarraipena da, eta helburu argia du: "Birusaren transmisioa geldiarazteko ohitura egokienen berri ematea, bai bezeroei, bai ostalariei", adierazi du Kontsumo Sailak.

Bost neurri nabarmentzen ditu kanpainak, modu didaktikoan. Lehena, maskara derrigor erabiltzea: "Etengabe eta modu egokian jarrita eduki behar da, ahoa, sudurra eta kokotsa estalita, kontsumitzeko unean izan ezik".

Eskuak garbitzearen garrantzia ere azpimarratuko da kanpainan, eta gel hidroalkoholikoa utziko da establezimenduetako sarreretan.

Mahaien artean metro eta erdiko tartea bermatu behar dela gogoraraziko du kanpainak, barrualdean zein kanpoaldean, eta barran edo zutik kontsumitzea debekatuta dagoela.

Azkenik, une honetan gehienez lau lagunez osatutako taldeak bakarrik baimentzen direla azpimarratuko da, eta bi mahai edo gehiago batzea bezalako praktikak saihestu egin behar direla.

Ostalaritza-inguruneetan jardungo duten informatzaile-taldeek egingo dute kanpaina. "Jende asko" dabilen garaietan egingo dira ekintzak, batez ere, eta dinamizatzaileek maskarak banatuko dizkiete bezeroei.

"Osasun-agintariek zabaltzen dituzten mezuak indartuko ditu kanpainak. Ez da lasaitzeko unea, gizarte-interakzioko inguruneetan protokoloekin arreta berezia izateko unea baizik", nabarmendu dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;