Gizartea -
KORONABIRUSA
33 pertsona hil dira covid-19ak jota, aurreko astean baino 15 gehiago
14 eguneko intzidentzia tasa metatua ia 300 kasukoa da 100.000 biztanleko (292,86), bezperan baino 10 puntu gehiago. ZIUetan dauden gaixoen kopuruak ere gora egin du.
E. G. | EITB MEDIA
Covid-19a dela eta, 33 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoaren 21etik 28rako astean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Horrez gain, txosten epidemiologikoaren arabera, atzo 631 positibo berri atzeman zituzten, eta 14 eguneko intzidentzia tasa metatua ia 300 kasukoa da 100.000 biztanleko (292,86).
Hildako kopuruari dagokionez, duela astebete baino 15 gehiago dira (18 izan ziren orduan zendutakoak). Hori horrela, azken asteetan izandako beheranzko joerak etena izan du.
Astearteari dagokion txosten epidemiologikoari dagokionez, datu kezkagarriak utzi ditu Aste Santuaren atarian. Izan ere, Bizi Berri III Planean jasotako adierazle nagusien artean ia guztiak (intzidentzia metatua, ZIUen okupazioa, 65 urtetik gorakoen intzidentzia metatua eta kasuen trazabilitatea) negatiboan daude. R0 indizea eta tasen arrazoia dira salbuespen bakarrak.
14 eguneko intzidentzia tasa metatuak gorakada nabarmena izan du (10 puntukoa, bezperarekin alderatuta) eta 300eko langatik oso hurbil kokatu da: 292,86 kasu 100.000 biztanleko. Lurraldeka, Arabak du datu okerrena, 371,58 kasu; Gipuzkoak 286,21 kasu ditu, eta Bizkaiak, 268,75, betiere 100.000 biztanleko.
631 kutsatze berri izan dira, aurreko egunean baino 130 gehiago. Positibotasun tasa % 7,7ra igo da, proba diagnostiko gutxiago egin diren arren. Zehazki, 8.193 egin dituzte (4.618 PCR eta 3.575 test antigeno).
Lurraldeka, Bizkaian 297 positibo zenbatu dituzte, bezperan baino 75 gehiago; Gipuzkoan 210 izan dira (38 gehiago), eta Araban 118 kutsatze atzeman dituzte, aurreko egunean baino 21 gehiago. EAEtik kanpo bizi diren sei kasu batu behar zaizkie horiei guztiei.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, handiagoa da presioa ZIUetan: kritiko dauden 84 gaixo baitaude, astelehenean baino lau gehiago. Atzokoan 39 pertsona erietxeratu behar izan zituzten, aurreko egunean baino 27 gutxiago. Guztira, 273 gaixo daude gela arruntetan.
Aipatu bezala, datu positibo bakarrak R0 indizeari eta tasen arrazoiari dagozkio. Azken horrek 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen du, eta 1,24koa izan zen asteartean (bezperakoarekin berdina). Oinarrizko birsorkuntza tasa (R0 indizea), hots, positibo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen zenbakia apur bat jaitsi d: 1,15etik 1,14ra.
Udalerri askoren egoerak okerrera egin du Jaurlaritzak egindako covid-19aren semaforoaren arabera. Arrasate, adibidez, gorriz margotuta zeuden bederatzi herrien zerrendara batu da, 400eko tasa metatua gaindituta. Hiriburuen artean, Gasteiz langa horretatik gertu dago, 392,2 kasutan dagoelako. Bilbo ere hurbil dago (354,7), baina igoera apalagoa izan du. Donostia dago hobekien, 199,5 kasurekin.
San Juan egoitzan zazpi positibo asintomatiko detektatu dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiak covid-19aren sintomarik gabeko zazpi kasu positibo atzeman ditu azken orduotan, gaixotasunaren aurkako txertoa jaso duten Segurako San Juan adinekoen egoitzako erabiltzaileen artean.
Foru Aldundiak azaldu duenez, PCR proben prebentziozko mapaketa egin ostean atzeman dituzte kutsatze horiek. Positibo eman duten pertsonek txertoa jaso zuten eta ez dute inolako sintomarik.
Positibo eman duten pertsonak Eibarko Ospitalera eraman dituzte, "prebentzioagatik eta egoitzaren barruan kutsatzea saihesteko", adierazi du Aldundiak.