Gizartea -
Koronabirusa
32 hildako izan dira Euskadin azken astean eta 1002 kasu azken egunean
Intzidentzia metatua 521,34 kasutara igo da. 24 orduan 117 pertsona ingresatu dituzte, eta 158 pertsona daude ZIUetan. R0a hamarren bat jaitsi da eta 1,02an kokatu da.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Azken astean 32 pertsona hil dira Euskadin covid-19agatik, aurreko astean baino sei gehiago, eta goranzko joeran jarraitzen dute kasuen intzidentzia metatuak eta positibotasun tasak, bai eta ingresatuta dauden erien kopuruak ere, 711 dira guztira, horietatik 158 ZIUetan daude.
Asteazken honetan Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, pasa den asteartean 12 709 diagnosi-proba egin ziren, aurreko egunean baino gehiago, 12 301 egin baitzituzten orduan. Atzo egindako probetatik 1002 positiboak izan ziren. Hala, egindako proben araberako positibotasun tasak puntu bat baino gehiago egin du gora, % 6,3tik % 7,9ra igota.
Goranzko joeran jarraitzen du azken 14 egunetako 100 000 biztanleko kasuen intzidentzia metatuak ere. Euskadi mailan ez ezik, hiru lurraldeetan eta hiriburuetan ere igo da.
Euskadin, intzidentzia 521,3 kasutan kokatu da; Gipuzkoan 677,3koa da, Araban 448,2koa eta Bizkaian 432,8koa. Hiriburuei dagokionez, Bilbokoa da altuena, 100 000 biztanleko 568,5 kasurekin, Donostian 517,5ekoa da tasa eta Gasteizen 468,7koa.
Lurraldeka, 445 kasu positibo atzeman dituzte Bizkaian asteartean, 420 Gipuzkoan, eta 120 kutsatze berri Araban. Horiez gain, 17 positibo izan dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
Goian jarraitzen du, halaber, ospitaleetako presioak ere, otsailaren 10etik izan den gaixo kopuru handiena baitago. Guztira 711 daude erietxean, astelehenean baino 33 gehiago, eta horietatik 158 egoera larrian daude, ZIUetan, bezperan baino lau gehiago.
Azken orduetan kutsatutako 117 pertsona ospitaleratu dituzte. Duela urtebetetik hona egun bakar bateko paziente berrien daturik altuenak dira azken bi egunetakoak, salbu azaroko bi egunetakoak, datu antzekoak izan baitziren egun haietan.
Pandemiaren bilakaera neurtzeko erabiltzen den beste parametro bat, R0 zenbakia, kutsatu batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, ehunen bat jaitsi da autonomia-erkidego osoan, eta 1,02an dago. Datu horren azpitik daude Araba (0,97) eta Bizkaia (1) eta, gainetik, berriz, Gipuzkoa (1,05).
Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) handitu egin da astearte honetan, eta 1,19koa da Euskadi osoan (1,17 aurreko egunean).
Hezkuntza-sistemari ere eragiten dio pandemia honek eta intzidentziak gora egiten jarraitzen du sektorean. Ez dago covid-19agatik aurrez aurreko jarduera erabat etenda duen ikastetxerik, baina asteazken honetan 105 gela itxi dituzte ikastetxe eta institutuetan.
Aste Santuko jaiegunetako etenaldiaren ostean, Hezkuntza sailak jakinarazi du astelehen honetan 34 gela zeudela itxita; zifra hori ia hirukoiztu egin zen asteartean (94) eta gaur are gehiago igo da, ehun geletako langa gaindituz.
Era beran, 68 dira kutsatze hauen eragina jasaten ari diren ikastetxeak; 58 ziren asteartean eta 27 astelehenean.
Covid-19 kasuengatik itxi behar izan diren gelen kopurua 2 urtetik hasi eta derrigorrezko hezkuntza ez-unibertsitariora arteko klase guztien % 0,60 da, % 0,54 zen atzo.
Nafarroan, berriz, covid-19az kutsatutako pertsona kopuruaren gorakada nabarmena izan da eta 200 inguru kutsatu berri zenbatu dira.