Gizartea -

KORONABIRUSA

685 kasu berri EAEn, ZIUak urtebetean izan duten kopururik altuenera iritsi direnean

188 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, 2020ko apirilaren 11n bezala. Pandemiaren gailurra 2020ko apirilaren 3an eman zen ZIUetan, 236 gaixorekin.

Gaixo bat eta osasun langilea Galdakaoko zainketa intentsiboetako unitatean. Argazkia: EFE.
Gaixo bat eta osasun langilea Galdakaoko zainketa intentsiboetako unitatean.
Hirukoiztu egin dira covid-19 kutsatzeak EAEn martxo hasieratik

1:14

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo 8.876 PCR proba eta antigeno test egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta 685 covid-19 kasu berri diagnostikatu ziren, aurreko egunean baino 250 gutxiago. Positibo tasak berdin eutsi dio, % 7,7an. Datuok, hala ere, MOEk ezarritako % 5etik urruti egoten jarraitzen dute; beraz, oraingoz ezinezkoa da kontrolik gabeko transmisioa etetea.

Araban 74 positibo berri atzeman zituzten (bezperan baino 29 gutxiago), Bizkaian 317 kasu (149 gutxiago) eta Gipuzkoan 290 (68 gutxiago). Gainera, EAEtik kanpo bizi diren lau pertsonak ere positibo eman zuten.

EAEko ospitaleetako ZIUetako presioak gora egiten jarraitzen du. Apirilaren 24ko datuen arabera, 72 lagun ospitaleratu behar izan zituzten covid-19arekin (bezperan 101 izan ziren) eta  188 gaixo larri daude covid-19arekin ingresatuta, aurreko egunean baino 2 gehiago.

Ospitaleetako presioa izugarria da oraindik, ia 600 lagun daude ospitaleratuta covid-19 dela eta, eta arrazoi honengatik zaintza intentsiboetako unitateetan daudenen kopurua 2020ko apiril hasiera edo erdi aldekoarekin alderatu daiteke, taulan ikus daitekeenez:

Osakidetzak premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzea aztertuko du astelehenean

Koronabirusaren ondorioz ospitaleek bizi duten egoera ikusita, 4. agertokirako prestatzen hastea aztertuko du Osakidetzak astelehen honetan; horrek, besteak beste, premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzea eragin dezake.

EITB Mediak jakin ahal izan duenez, ospitale sareko erakundeei agertokia prestatzen hasteko agindua eman diete dagoeneko, covid-19aren lehen olatuan gertatu bezala.

Horri buruz hitz egin du gaur bertan Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak: "Osasun sistema guztia kolokan jarri da, batez ere, Gipuzkoan ditugun datu txarrengatik", "oheak eta, batez ere, langileak behar ditugu, eta langileak nondik ateratzen dira? Kirofanoetatik. Horregatik ebakuntza asko bertan behera utzi edo atzeratu egingo dira, larrienak ez direnak, noski".

Kutsatze datuak hobera egiten ari dira, pixkanaka, Nafarroan

Bederatzigarren egunez jarraian, 200eko langatik behera geratu dira positibo berriak Nafarroan, 143 kasu zenbatu baitituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Aurreko egunean baino 22 kasu gutxiago dira horiek.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, ostiralean 202 covid gaixo zeuden Foru Erkidegoko osasun sarean ospitaleratuta, eta horietatik 37 zaintza intentsioetako unitateetan zeuden.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak