Gizartea -
KORONABIRUSA
Pitin bat hobera egin dute datuek EAEn, 769 kasu berri eta %6,8ko positibitatearekin
Ospitaleen egoerari dagokionez, 95 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo, eta 189 covid-gaixo zeuden ZIUetan, aurreko egunean bezala.
EITB MEDIA
Covid-19 kasu berriek behera egiten jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan: 769 kasu diagnostikatu dira azken orduetan, eta positibotasun-tasa % 6,8koa izan da, hori ere ostegunekoa baino baxuagoa. Ospitaleetan, dena dela, egoerak oso larria izaten jarraitzen du, 189 pertsona baitaude ZIUetan.
Osasun Sailak maiatzaren 1 honetan jakitera eman dituen datuen arabera, atzo ostegunean adina proba egin zituzten (11.349), baina 39 kutsatu gutxiago zenbatu zituzten, eta egindako test bakoitzeko positiboen ehunekoa ere murriztu egin da, % 7,3tik % 6,8ra.
Lurraldeka, 78 kasu atzeman dituzte Araban, 400 Bizkaian, 281 Gipuzkoan eta 10 beste autonomia-erkidego batzuetan bizi diren pertsonengan.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 95 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo (ostegunean baino bat gutxiago), eta 189 covid-gaixo zeuden ZIUetan, aurreko egunean bezala.
Osasun Sailak ez ditu astelehenera arte argitaratuko R0ri buruzko datuak (pertsona bakar batek zenbat kutsatu ditzakeen adierazten duen adierazlea), herrietako datu zehatzak, ezta 14 egunetan 100.000 biztanleko izandako intzidentzia-tasak ere.
Kasu berriak apur bat igo dira Nafarroan, 160ra, baina positibitatea %5,5ekoa da
Nafarroako Foru Erkidegoko Osasun Sailak covid-19aren 160 kasu positibo berri atzeman zituen atzo, hau da, aurreko egunean baino gehiago (145).
2.898 proba egin zituzten atzo, PCR eta antigeno testen artean, eta, ondorioz, positibotasun tasa % 5,5ekoa izan da, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.