Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon batek 35 urteko bikotekidea hil du Zaragozan
Emakumearenganako urruntze agindua zuen eta aurrekariak ere bai biktimari eta beste senide batzuei tratu txarrak emateagatik. Bere buruaz beste egiten saiatu da eta oso larri eraman dute, atxilotuta.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
31 urteko gizon batek bere bikotekidea, 35 urteko emakumea, hil du Zaragozako Lan Fuentes auzoan, eta ondoren bere buruaz beste egiten saiatu da bosgarren pisutik jauzi eginez. Oso larri zauritu da eta atxilotuta dago Miguel Servet Ospitalean.
Zaragozako Udaletik jakitera eman dutenez, 00:45 aldera bizilagun batek abisua eman du emakume bat laguntza eske ari zela. Suhiltzaileak, anbulantzia bat eta poliziak bertaratu dira eta horiek iristean salto egin du balkoi edo leiho batean igota zegoen gizonak. Lurrean, oso larri baina bizirik, artatu dute lehenbizi eta ospitalera eraman dute gero, oso larri, atxilotu moduan.
Polizia Nazionalak etxeko atea bota du eta barrura sartu direnean hilik topatu dute emakumea.
Atxilotuak urruntze agindua zuen indarrean, baina behin baino gehiagotan urratu omen du.
Indarkeria matxista kasua baieztatuz gero, astebetean hiltzen duten bosgarren emakumea litzateke -eta horietako baten 7 urteko semea ere bai- Irene Montero Espainiako berdintasun ministroak Twitterren salatu duen gisan: "Hilketa matxista dirudien beste kasu bat ikertzen ari dira Zaragozan. Baieztatuz gero, astebetean hil duten bosgarren emakumea litzateke, horietako baten semearekin batera. Batasun feminista eta instituzionala indarkeria matxistaren aurrean".
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak jakinarazi du jarduera protokoloak errebisatzen ari direla: "Behar dena egingo dugu emakume guztiak modu eraginkorrean babesteko. Beste biktimarik ez".
Biktimaren aldeko elkarretaratzea
Las Fuentes auzoko Bizilagunen Elkarteak elkarretaratzea deitu du 19:00etan, jatorri nikaraguarreko biktimaren oroimenez eta indarkeria matxista arbuiatzeko.
Urketarien Iturrian izango da kontzentrazioa eta azken hamarkadetan egin bezala, "gaitz hau salatzen" jarraituko dutela adierazi dute deitzaileek.
"Hezkuntza feminista, lan eta soldata berdintasua eta babesa" eskatu dituzte, horrelakoak berriz ere gerta ez daitezen.
----------------------------------------------------------------------------------------------------------------
TRATU TXARRAK JASATEN DITUZTEN EMAKUMEENTZAKO GIDA