Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Muskizek gune gorritik ateratzea lortu du
Ifrentzuan, Elorriok okerrera egin du, eta berdetik horira igaro da azken orduetan.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Muskizek eremu gorritik irtetea lortu du, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera.
Aldaketarik ez Araban (116 kasu 100.000 biztanleko), eremu horiari eutsi baitio, baita Amurriok, Gasteizek eta Laudiok ere. Agurainek, bestalde, laranja jarraitzen du.
Bizkaian ere hori dago semaforoa (100.000 biztanleko 243 kasu). Gune gorrian, Muskiz bertatik atera ostean, hiru udalerrik jarraitzen dute: Sopela, Trapagaran eta Zalla.
Hain justu, hilabeteak gunerik zigortuenean eman ostean, gorritik laranjara igaro da Muskiz, eta kolore horretan daude Galdakao, Sestao eta Santurtzi ere.
Hori dauden udalerriak ondorengoak dira: Abadiño, Abanto, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Berango, Bilbo, Derio, Durango, Erandio, Ermua, Etxebarri, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Ondarroa, Ortuella, Portugalete eta Zornotza. Elorrio ere hori da gaurtik aurrera.
Lekeitio da, azkenik, kolore berdeari eutsi dion bakarra.
Gipuzkoak eremu horiari eutsi dio (208 kasu 100.000 biztanleko). Azkoitiak eta Tolosak ez dute eremu gorritik irtetea lortu.
Azpeitia eta Legazpi laranjaz margotuta ageri dira.
Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Elgoibar, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Pasaia, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz eta Zumaia, berriz, hori daude.
Mutrikuk, Lazkaok eta Oriok berde jarraitzen dute.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.