Gizartea -
TRAFIKO ISTRIPUAK
11 motor-gidari hil dira urtarriletik EAEn, bi larunbat honetan bertan
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun arduradunak ziurtatu du bere Sailak sentsibilizazio kanpainak egingo dituela motorzaleen artean heriotzak murrizteko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak jakiera eman duenez, Segurtasun Sailak sentsibilizazio kanpainak egingo ditu motorzaleen artean heriotzak murrizteko, urtea hasi zenetik EAEn 11 lagun hil eta gero, horietako azken biak larunbat honetan bertan.
Batetik, 53 urteko motorzalea hil da 00:40 aldera, N-634 errepidean izandako zirkulazio-istripuan Usurbil parean (Gipuzkoa), errepidetik atera ostean.
Bestetik, beste motorzale bat hil da gaur arratsaldean Galdameseko errepidean (Bizkaia) izandako istripuan. Ezbeharra BI-3632 errepideko 31. kilometroan gertatu da, Galdamesetik Sopuertara doan errepidean 18:00ak aldera. Motorra errepidetik irten da eta gidaria oso larri zauritu da, eta horien ondorioz, hil egin da.
Hildakoaren motorra, Galdamesen. Argazkia: Bizkaiko suhiltzaileak
Twitterren eta Facebooken dituen kontuetan, Segurtasun arduradunak "urte oso gogorra" izan dela hau motorzaleentzat aipatu du. Lehendakariordeak emandako datuen arabera, Euskadin 136.700 motor baino gehiago daude, hau da, ibilgailu guztien % 10.
"Motorzaleen artean biktima kopurua murriztea da gure helburua, eta, horretarako, sentsibilizazio-kanpainak jarriko ditugu martxan, bide-segurtasuna sustatzeko. Arreta berezia eskaintzen diogu kolektibo ahulenen babesari, motorzaleena kasu " idatzi du Erkorekak.
Ildo horretan, #JarZaitezNireGurpiletan izeneko azken kanpaina aipatu du: "Motozaleak eta beste ibilgailu mota batzuk gidatzen dituzten pertsonak harremanetan jartzen ditu, errepidea leku seguruago bihurtzeko moduari buruz hitz egiteko".
Elkarrizketa horien bidez, gogoeta eragin nahi da "errepidean gehiegizko konfiantza izateak dakarren arriskuaz, motozaleekin lotzen diren estereotipoez, edo gidatzen ari garen bitartean bizitza une batean nola alda daitekeen".