Gizartea -
KORONABIRUSA
Koronabirusaren ziurtagiri digitala baimendu du Europako Parlamentuak
Uztailaren 1ean sartuko da indarrean, baina Euskadin eta Nafarroan dagoeneko eskura daiteke osasun-ziurtagiria edo -pasaportea.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Europako Parlamentuak asteazken honetan onartu du koronabirusaren ziurtagiri digitala. Uztailaren 1etik aurrera sartuko da indarrean, eta, Europar Batasunean (EB) bizi diren herritarren mugikortasuna bultzatzea du helburu. Hego Euskal Herrian dagoeneko eskuragarri dago ziurtagiri digitala edo osasun-pasaportea.
Aldeko 546 botorekin, kontrako 93rekin eta 51 abstentziorekin, ontzat eman dute, beraz, dokumentua, eta beste urrats bat eman dute uztailaren 1ean indarrean jartzeko.
EBko COVID Ziurtagiri Digitala edo osasun-pasaportea "bidaiatzeko tresna" da, doakoa eta unibertsala, eta Europar Batasunean mugikortasuna errazteko asmoz sortu dute.
Ziurtagiria ez da pasaporte baten baliokidea izango, Europar Batasunean zehar hura gabe bidaiatu ahal izango baita. Dena dela, ziurtagiri honek erraztu egingo du herrialde batzuetarako sarbidea; izan ere, horietako askok dagoeneko iragarri dute berrogeialdiak eta PCR probak eskatuko dituztela.
Legezko izapide batzuk falta badira ere, Europako hainbat herrialde hasi dira lehen ziurtagiriak ematen eta baliozkotzen.
EAEn eta Nafarroan dagoeneko lor daiteke ziurtagiria
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek gaurtik (ekainak 9) aurrera izapidetu ahalko dituzte covid-19aren aurkako txertoa jarrita dutela edo gaixotasuna igaro dutela egiaztatzen duten ziurtagiriak, biak ala biak oraingoz sinadura digitaleko prozesu baten bidez.
Uztailaren 1etik aurrera Europar Batasunean barrena bidaiatzeko aukera ematen duen "pasaportea" izapidetzeko aukera 09:00etan aktibatu dute Osakidetzaren webgunean.
Halaber, joan den astelehenetik, eskuragarri dago Nafarroan COVID Ziurtagiri Digitala. Europar Batasunean bidaiatzeko beharrezkoa izango dena. Ofizialki uztailaren 1ean jarriko da martxan, baina Nafarroa probak egiten hasi da jada.