Gizartea -
KORONABIRUSA
168 kutsatu eta % 3ko positibitatea EAEn, ia bezperako datu berdinak
Atzo 19 pertsona ospitaleratu zituzten covid-19arekin, eta 47 lagun daude une honetan ZIUn, iazko urriaren 10ean zegoen kopuru bera.
EITB MEDIA
Covid-19aren transmisioak antzera jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. 168 kasu berri atzeman dira ostiral honetan eta % 3koa da positibotasuna, eta aurreko egunarekin alderatuz gero, ia berdinak dira datuak: 165 kasu eta % 2,7ko positibotasuna.
Atzo, 5.614 proba diagnostiko egin ziren, Osasun Sailaren datuen arabera. Horietatik 31 positibo atera ziren Araban, 112 Bizkaian, 22 Gipuzkoan eta 3 beste autonomia-erkidego batzuetan bizi diren pertsonengan atzeman zituzten.
Ospitaleko egoerari dagokionez, ostiral honetan 19 pertsona ospitaleratu zituzten EAEn (aurreko eguneko kopuru bera), eta gaur egun 47 paziente daude ZIUn, aurreko egunean baino lau gutxiago. Iazko urriaren 10ean erregistratu zire 47 gaixo kritiko EAEn eta geroztik, altuagoa izan da beti unitate horreta zeuden covid pazienteen kopurua.
59 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan eta positibitatea % 4ra igo da
Covid-19aren intzidentzia egonkor mantendu da azken aste honetan Nafarroan, 25 (asteartean) eta 59 (larunbatean) kasu artean. Ostiral honetan 59 pertsonari atzeman diote birusa, Foru Gobernuak larunbat goizean emandako behin-behineko datuen arabera. Aurreko larunbatean publiko egindako zenbaki bera da, baina ostegunean baino 12 kasu gehiago ere badira.
Iruñeko Txantrea auzoan zazpi kasu atzeman dituzte azken egunean. Herri kolpatuenen artean, ondoren, Burlata, San Adrian eta Villafranca daude, bakoitza bost positiborekin.