Gizartea -

Heriotza

Iñaki Larrañaga soziolinguista hil da

SIADECO kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen Larrañaga. Aitzindaria izan da euskal soziolinguistikaren ikerketan.

Iñaki Larrañaga. EITB Mediaren artxiboko irudia
Iñaki Larrañaga
Iñaki Larrañaga. EITB Mediaren artxiboko irudia

B. F. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Larrañaga apaiza, soziologoa eta SIADECOren sortzailea gaur zendu da. 88 urterekin hil da Larrañaga, euskal soziolinguistikan eta euskararen normalizazioaren alde sekulako lana eginda.

Lazkaon sortu zen Larrañaga, 1933an. Apaiztu ondoren, Parisen soziologia ikasketak egin eta Psikologia Sozialean eta Demografian lizentziatu zen. Gerora, antropologiaren mundura gerturatu zen, Ramon Iruretagoiena apaizarekin. Elkarrekin plazaratu zuten "Hernani 1962: estudio sociologico de un pueblo industrial guipuzcoano", soziologia ikerketan erreferente bilakatu den liburua.

1967an, Sociedad de Investigacion Aplicada para el Desarrollo Comunitario (SIADECO) sortu zuten Larrañagak eta Iruretagoienak, sozioekonomia eta hirigintzaren ikerketarako kooperatiba. SIADECOk euskararen hedapena ikertu zuen, baita hizkuntzak zituen trabak nondik zetozen identifikatu ere. Berebiziko garrantzia izan zuen kooperatibak 70eko hamarkadaren hasieran euskararen alde egindako lanak; izan ere, Euska Herriko ikastetxe, erakunde eta elkartetan aholkulari lanak egin zituzten.

Iñaki Larrañaga. EITB Mediaren artxiboko irudia

Ibilbide profesional oparoan, Larrañagak hamaika argitalpen publikatu zituen. Gainera, Euskaltzaindiarentzat eta Euskal Herriko Unibertsitatearentzat aritu izan da lanean, eta Euskaldunon Egunkariaren sorkuntzan ere paper garrantzitsua izan zuen.

Gaur zendu da Iñaki Larrañaga, 88 urte zituela, euskararen hedapenean eta hizkuntzaren normalizaziorako bidean egundoko ondarea utzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Herriak eta Hiriak Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Historia Euskaltzaindia albisteak Zer gertatu da Lazkao herrian? Goierri eskualdea