Gizartea -

Gazte-taldeak Euskadin

Cesar San Juan: "Profil kriminalagoko pertsona bat edo gehiago daude gaizkile-taldeetan, aurrekariekin"

EHUko Psikologia Kriminaleko irakasleak azaldu duenez, gazte-taldeetan ez dago izaera berdintsua duten kideen profilik, eta Koala Anaiak taldeko kide bat bere kabuz ertzain-etxera joan izana gainerakoek ez dutela barkatuko gaineratu du, horrek taldea desegiten lagunduko baitu.

Zornotzan (Bizkaia) gazte bati emandako jipoia. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia
Zornotzan (Bizkaia) gazte bati emandako jipoia. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia
Zornotzan (Bizkaia) gazte bati emandako jipoia. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia

O.V. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cesar San Juan EHUko Psikologia Kriminaleko irakasleak Radio Euskadiko Boulevard albistegian argi utzi duenez, "Euskadin ez dago gazteek osatutako gaizkile-talde askorik". Gazte talde horiek "talde bortitz" gisa definitu ditu, eta lider bat edo pertsona batzuk "profil kriminalagoa eta aurrekariak" dituztela gaineratu du. Gainerako kideen artean, berriz, "identitate falta, autoestimu gabezia eta sozializatzeko beharra duten pertsonak" egon daitezke.

Psikologia Kriminaleko irakasleak azaldu duenez, gaizkile-taldeak aldian-aldian berritzen dira, eta "oinarrizko baldintzetako bat gazteak izatea da". Izan ere, helduagoak diren heinean "sozialagoak bihurtzen dira, bikotea eta lana topatzen dituzte, eta taldea uztea erabakitzen dute".

Taldekideak "hainbat herritan sakabanatuta egoten dira eta sare sozialen bitartez hitz egiten dute". San Juanen arabera, Zornotzako jipoia "Poliziaren prebentzio lanetik kanpo geratu izanak aurrez pentsatua izan ez zela adierazten du". Gaur egun, norberaren egunerokoa sare sozialetan erakusteko joera handia dago, eta "horrelako jipoiak ere zabaltzera bultzatzen ditu". Dena dela, askotan "hori da kasua argitzen laguntzen duena".

"Gaizkile-talde horiek oso isolatuta daude, eta kide guztiek zor diete leialtasuna. Hortaz, gazte bat bere kabu ertzain-etxera joan izana "ez dute barkatuko". Hori dela eta, "bereziki baloratu behar dira taldea desegiten lagunduko duten keinu horiek".

Psikologia Kriminaleko irakasleak "isolatutzat" jo ditu gertakariak, baina "onartezinak" direla gaineratu du. San Juanek adierazi duenez, Donostian gazteek osatutako gaizkile-talde bat dago, Bilbon hainbat eta Gasteizen ere bai. Ertzaintzaren lana "bikaina da eta ia monitorizatuta dauka talde horien egunerokoa", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Zornotza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak