Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek emakume bat hil du Cambrilsen, urruntze agindua urratuta

Hilketa matxista ostiralean jazo zen, eta atzotik kartzelan dago ustezko hiltzailea.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek emakume bat hil zuen ostiralean Cambrilsen (Tarragona). Ustezko hiltzaileak bikotearengandik urruntzeko agindua zuen (ezin zen 200 metro baino gutxiagora egon), baina hura urratu zuen. Gizona kartzelan dago atzotik, epaileak bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman baitu.

Kartzelatzeko autoak jaso duenez, Fiskaltzak homizidioa, tratu txarrak eta urruntze agindua urratzea egotzi dizkio auzipetuari.

Hilketa matxista uztailaren 30ean jazo zen Tarragonako herri horretan. Autoaren arabera, gizonak berak deitu zuen ostiral arratsaldean 112 telefonora, bikotekidea etxean hilda topatu zuela jakinarazteko. "Gizonak bazekien hilda zegoela, telefonoz artatu zuen medikuari hainbatetan esan ziona kontuan hartuta", azaldu du epaileak.

Ustezko hiltzaileak ukatu egin du emakumeari eraso egin izana, baina "ez du arrazoizko azalpenik eman uztailaren 30ean aurpegian zituen lesioen inguruan".

Azken honekin, urtea hasi denetik, 30 emakume hil dituzte beste hainbeste gizon matxistek Espainiako Estatuan, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren arabera. Atzo bertan beste hilketa matxista bat izan zen Malagan: 53 urteko gizon batek bikotekidea hil zuen Rincon de la Victoria herrian eta handik gertuko zabortegi batean erre zuen gorpua.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa