Gizartea -
Erasoa
Zornotzako erasoan zauritutako gaztea egonkor dago larritasunaren barruan
Biktima "koma sakonean" dago eta, oraingoz, ez dakite datozen egunetan beste ebakuntzarik egin beharko dioten.
Agentziak | EITB Media
Zornotzan (Bizkaia) uztailaren 25ean talde eraso batean zauritutako gazteak egonkor jarraitzen du Gurutzetako Ospitalean. Jasandako zaurien ondorioz koman dago egoera larrian, familiak jakitera eman duenez.
Senideen arabera, mediku taldeak jakinarazi die trakeotomia egin ziotela asteazken honetan, arnasa hobeto har zezan, eta larri jarraitzen duela, aldaketarik gabe. Horrenbestez, datozen egunetan zer bilakaera izango duen ikustea ezinbestekoa izango da.
Biktima "koma sakonean" dago, eta, oraingoz, familiak ez daki hurrengo egunetan beste ebakuntzarik egin beharko dioten, senideen bozeramaile batek gaur biktimari egindako bisitatik irtetean adierazi duenez.
Nolanahi ere, sendatzeko "itxaropena" dutela esan du, pertsona "gaztea eta indartsua" delako, eta, antza denez, orain arnasa hobeto hartzen ari denez "medikazioa kendu diote, ea bakarrik esnatzen den".
Familiaren bozeramaileak eskerrak eman dizkie medikuei eta Ertzaintzari, 14 pertsona atxilotu baitituzte dagoeneko, eta familiari babesa ematen ari direnei.