Gizartea -

Erasoa

Beste adingabe bat atxilotu dute, Zornotzako jipoiagatik, eta asteazkenean atxilotutakoa espetxeratu dute

Ostegun honetan Barakaldon egindako atxiloketa hori zenbatuta, 14 lagun eraman dituzte atxilo jada; horietatik zazpi adingabeak dira. Sei gazte sartu dira kartzelan, oraingoz.

Ertzaintzaren patruila bat. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren patruila bat.
Ertzaintzaren patruila bat. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak, ostegun honetan, beste adingabe bat atxilotu du Barakaldon, Zornotzan uztailaren 25ean gazte batek jasotako jipoiarekin lotuta. Atxiloketa hori zenbatuta, 14 lagun eraman dituzte atxilo jada. Gainera, asteazkenean Bilbon atxilotutako 19 urteko gaztea espetxeratu dute, epaileak hala erabakita.

Ertzaintzak, Zornotzako Udaltzaingoarekin elkarlanean, irekita du operazioa, erasoan parte hartu zuten persona guztiak identifikatu eta atxilotzea helburu (20 bat izan ziren). Orain arte, 14 atxiloketa egin ditu; horietatik zazpi adingabeak dira. Sei gazte sartu dira kartzelan, oraingoz.

Testuinguru horretan, asteazkenean, jipoiarekin lotuta asteartean Bilbon atxilotutako 18 urteko mutila espetxeratzeko agindu zuen auziaren ardura duen Durangoko epaitegiak. Bitartean, Barakaldon egun berean atxilotutako 16 urteko mutila Adingabeen Fiskaltzaren esku geratu da, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Biak ala biak, gainerako 12 pertsonak bezala, 23 urteko lemoar bati egindako eraso basatian parte hartu zutelakoan atxilotu zituzten; biktima oso larri dago Gurutzetako Ospitalean. Guztira, 14 gazte atxilotu dituzte orain arte, sei adingabe tartean. Ikerketaren arabera, urteotan Bizkaian tankerako erasoak egiten ibili omen den Koala Anaiak talde oldarkorreko ustezko kideak dira.

Ertzaintzak uztailaren 25ean Bizkaiko udalerrian gertatutakoa ikertzen jarraitzen du. Atxilotutakoen erdiak adingabeak dira, eta Fiskaltzaren esku daude jada. Ostegunera arte, adinez nagusi diren sei gazte kartzelan daude, eta zazpigarrena aske dago, baina astero etxetik gertuen daukan epaitegira joan behar du sinatzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Barakaldo Zornotza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Durangaldea azken ordukoa